CIAren torturak ikertzeko batzorderik ez duela osatuko adierazi du Obamak
CIAren zuzendari berriari tortura eta antzeko metodoak erabili ez ditzan eskatuko dio Barack Obamak. Alta, ez du tortura salaketak ikertzeko batzordea osatzeko asmorik agertu. AEBetako presidentearen helburua espioitza agentziaren eta atzerri politikaren irudia hobetzea da.
GARA |
CIAk eta AEBetako atzerri politikak munduan duten irudia hobetu nahian, Barack Obama presidenteak espioitza agentziaren zuzendari berriari tortura eta antzeko metodoak erabili ez ditzan eskatuko dio. Hori bai, ez du orain arteko tortura salaketak ikertzeko asmorik, ez eta arduradunak zigortzekoa ere.
Igorritako informazioaren arabera, 70 urteko Leon Panetta izendatuko du zuzendari. Bill Clinton presidente ohiaren hurbileko kolaboratzailea izan zen. Ekonomia alorrean eskarmentu handikoa da, eta emaztearekin batera politika publikoen inguruan hausnartzeko institutua jarri zuen martxan Kalifornian. Estatu horretako ordezkari ere izan zen Legebiltzarrean 1976tik 1992ra. Espioitza arloan, ordea, ez du esperientziarik. Horregatik, haren izendapenak hainbat kritika jaso ditu. Batzuen aburuz, Panettak ez du beharrezko eskarmenturik halako ardura izateko.
Dianne Feinstein senatari demokrataren iritziz, «CIAren zuzendari izateko egokiagoa da espioitza eta inteligentzia zerbitzuetako profesional bat».
Panettaren alde
Adierazpen horiek, dena den, malgutu zituen Obamarekin elkarrizketatu ondoren. Presidenteak hitz onak besterik ez zituen izan Panettarentzat.
«Clintonen garaian, nazioarteko gaietan eta krisien kudeaketan parte hartze handia izan zuen. Egunero, informazio txostenak ebaluatu behar zituen», plazaratu zuen.
George W. Bushen agindupean eta «izuaren kontrako guda»ren izenean, CIAk tortura erabili zuela aitortu behar izan zuen. Besteak beste, Waterboarding delako tortura mota -pertsona immobilizatuta eta burua makurtuta, ura botatzen diote gainera arnasa hartzea oztopatuz. Egoera horretan dagoenak itolarria sentitu eta hil egingo dela uste du-. Era berean, sekretupeko kartzelak erabili eta presoak baimenik gabe herrialde batetik bestera eraman dituela onartu zuen.
Giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeek «egiaren batzordea» eratu dadin eskatu dute hamaika aldiz.
Obamak baina, halako neurriak hartzeari uko egin zion joan den asteartean eta «sorgin ehiza» bati ekiteko arriskuaz ohartarazi zuen. Horrez gain, CIAk «profesional oso onak» dituela nabarmendu zuen.
CIAren goi arduradun ohi Paul Pillaren arabera, «Panetta aukeratu izana azken urteetako iskanbilei amaiera eman nahia islatzen du. Jendearen konfiantza bereganatzea da xedea, aldaketaren mezuari eustea hain zuzen ere».
Obamak ekonomia sustatzeko aurkeztu duen egitasmoak gauzak aldatuko ez dituen beldur direla esan dute errepublikanoek. Ezkertiarregia izatea leporatu diote presidenteari.