GARA > Idatzia > Kirolak > Atletismoa

KROSA Juan Muguerza 66. Memoriala

Elurrak erakargarriago bihur dezake ibilbidea

p039_f02_88x128.jpg

I. C. | ELGOIBAR

Urtero Elgoibarreko Mintxeta ibilbidean zehar egiten den Juan Muguerza Nazioarteko Krosak egungo atletarik onenak bertara ekarriko ditu igandean, 66. edizioan (10.00etatik aurrera). Antolatzaileek adierazi dutenez, gainera, aurtengoa «benetako ikuskizuna» izango da eta Mintxetako instalazioetara inguratzen diren ikusleek «ez dute urtarrilaren 11 ahaztuko».

Ibilbideari dagokionez, 140 metro luzatu dute gutxi gorabehera, eta Zigor Diez Elgoibarko kroseko zuzendaritzako arduradunak nabarmendu duen eran, elurrak, sor daitekeen lokatzarekin batera, txapelketa «erakargarriagoa» egingo du.

Benetako protagonisten artean, hau da, kirolarien artean, ez dira faltako aurten ere, besteak beste, iragan urteko irabazle eta 2008ko munduko txapeldunorde Leonard Patrick Komon kenyarra, 2007ko munduko txapeldunorde Moses Mosop kenyarra eta Edinburgon 2008an zortzigarren izan zen Hassan Ahmad Abdullah Qatarreko atleta.

Estatu espainoleko atletei dagokienez, Chema Martinez 10.000 metrotan Europako txapeldunordea edota Ricardo Serrano 2007an maratoi erdiko Espainiako txapelduna Elgoibarren arituko dira. Juan Carlos de la Ossa eta Juan Carlos Higuero, ordea, ez dute bertan parte hartuko.

Emakumeen artean, momentuko onenetarikoak ere arituko dira igandean Mintxetan. Iragan urteko irabazle Priscah Jepleting Cherono eta 2008ko munduko kros txapelketan hamargarren izandako Grace Momanyi, biak kenyarrak, Aniko Kalovics hungariarra eta Alexandra Aguilar, Diana Martin eta Sonia Bejarano kirolariak ere lehiatuko dira aurten.

Ospe handiko atleta hauez gain, antolatzaileek izen handiko beste profesionalen bat ekartzea espero dute.

Gazteen txanda

Elgoibarrera hurbilduko diren ikusleek kirolari gazteenen ikuskizunaz ere ahal izango dute gozatu. Euskal Herriaz gain, Estatu mailatik etorritako kirolariek eginahal guztiak egingo dituzte helmugara gainerako parte-hartzaileen aurretik iristeko. Besteak beste, Katalunia, Balearrak, Gaztela eta Leon, Extremadura, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Galizia eta Madrildik etorriko dira maila horretako kirolari gazteak.

Mamo Wolde Sariko zazpigarren edizioan, berriz, «ez da sorpresa handirik egongo», antolatzaileen esanetan. Parte hartzen urte batzuk badaramatzaten Ingalaterrako, Estatu frantseseko eta Italiako kirolariez gain, Estatu mailan dauden atletarik onenak arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo