Kronika | Merkealdi garaiaren hasiera
Hotzagatik edo krisiagatik, atzera egin du jendeak, denda txikietan batez ere
Aspaldi honetako indartsuenak dira atzo abiatu eta datozen asteetan izango diren beherapenak, zenbait tokitan %70era ere iritsiz. Saltzaileek gisa honetan tentatu nahi dituzte krisiaren eraginez nagituta dauden erosleak, baina komeriak dituzte.
Idoia ERASO-Jasone MITXELTORENA
Baionako eta Donibane Lohizuneko karriketan jende gutxi ikusten zen atzo. Krisiaren ondorioak direla-eta erosleak bigarren beherapenen zain daudelako, edo hotzaren ondorioz ote den, ez da guztiz ziurtatzen ahal. Baionako saltokietako beherapenen batez bestekoa %30ekoa zen eta Donibane Lohizunen %50era hurbiltzen zen gehiago, baina horrek ez zituen erosleak erakarri.
Karriketan jende gutxi, eta dendetan ere ez zen mugimendu askorik. Haurrentzako arropak saltzen zituzten dendetan ikus zitekeen jende gehiena. Asteazkena klaserik gabeko eguna izanik guraso askok beren haurrei arropak erosteko aukera profitatu zuten. Zortzi urteko alaba eta hiru urteko semea dituen Josephinek bere plana azaldu zigun: «Gabonetan jostailuak erosi dizkiet, eta orain beherapenak profitatzen ari naiz arropa politak eta beharrezkoak erosteko. Haurrekin etengabe behar dira arropa berriak». Bost urteko haurra duen Christellek, bere lagunak, aldiz, arropa batzuk Gabonetan erosi zituen, eta, hala ere, «hurrengo negurako beharrezko izanen ditudan gauzak erosten saiatuko naiz», azaldu zigun.
Haurrentzako markako arropak saltzen dituzten denda batean ziren bi lagunak seme-alabekin. Beste erosle batzuk ere erakartzen zituzten marka handietako saltegiek. Quicksilverrek Donibane Lohizunen duen Ganbeta karrikako dendako arduradunaren hitzetan, «egia da jende gutxi izaten ari garela gaur, baina oraindik hasieran gaude, hurrengo egunetan ikusiko da. Merkataritza zentroetan egongo da jende gehiago». Kanpoan elur malutak ari ziren bitartean esan zituen hitzok surf dendako saltzaileak, izan ere, eguraldia ez zuen lagun izan beherapenen lehen egunak...
Markako zein bestelako dendetako saltzaileek nabarmendu zuten Gabonetan ohi baino jende gutxiago izan zela. Batzuek egoera txartzat hartzen zuten; beste batzuek, ordea, krisia espero zutena baino gutxiago nabaritu zutela azaldu zuten. Donibane Lohizuneko denda txiki bateko jabeak horrela azaltzen zuen: «Beste urteetan baino mugimendu gutxiago izan da, baina hurrengo asteetan errekuperatuko dugula espero dut».
Donibane Lohizuneko Okaïdi dendako arduradunak egoera orokorra dela nabarmendu zuen: «Gabonetan salmentak gutxitu direla sumatu dugu, baina toki guztietan horrela izan dela iruditzen zait». Ipar Euskal Herrian beherapenak bukatzeko gelditzen diren bost asteetan jarri du itxaropena batek baino gehiagok. «Gabonek ekarri ez digutena urte berriak ekartzea espero dut», esan zuen Donibane Lohizunen saltzailea den Emmanuellek.
Kalean jendetzarik ez, baina Angelu eta Baiona artean dauden azalera handiko saltokietako aparkalekuak autoz gainezka zeuden. Denda handi gehienetan, beherapen handirik ez, baina jendea barra-barra zuten.
Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan ez zen berebiziko jendetzarik ikusi goizean; arratsalde partean, aldiz, jendearen joan-etorria asko handitu zen.
Saltoki txiki askotan ikus zitekeen, euskaraz zein gaztelaniaz, prezioak %20an, %30ean eta %40ean murriztuak zirela iragartzen zuten kartelak. Hala ere, halako iragarkirik gabeko hainbat denda ere ikus zitekeen. Egunerokoan mugimendu handia izaten duten dendetan nabariagoa zen egunaren berezitasuna. Eguraldi hotzak halere ez zuen batere lagundu erosketak egitera animatzeko orduan: zero azpiko tenperatura izan zuten atzo Nafarroako hiriburuan.
Beherapenei dagokienez, saltoki txikietan %40ko beherapena zen ohikoena; baziren %50ekoak ere egiten zituztenak, gutxi batzuk baziren ere. Beste motatako iragarkiak ere ikus zitezkeen erakusleihoetan, erosleak erakartzearren: «likidazioak», «promozio bereziak»... baina halakoak urtean zehar ere sarri ikusten dira.
Alde Zaharraren bihotzean dagoen Mercaderes kalean, Jitu arropa dendako arduradun den Belen Ordoñezek beherapen garaiaren hasiera nabaritu zela jakinarazi zuen: «Jendea beherapenen esperoan zegoen. Nabaritu dugu jende gehiago etorri dela, eta gainera, etorri dena poltsa ugarirekin zetorren». Berak argi du beherapenen aroa beste urteetan baino jende gehiagok itxaron duela aurten, «sarri entzun dugu aurten hori». Eguberrietan, gainera, aurreko urteetan baino motelago ibili direla azaldu zuen: «Jendeak gehiago itxaron du azken unera arte. Lehen azaroan hasten ginen asko saltzen eta nabaria zen Eguberrien etorrera. Aurten berriz, azaroan ez dugu ia alderik sumatu. Gehiago itxaroteaz gainera, gutxiago gastatu du aurten jendeak».
Alde Zaharretik hurbil dagoen I. Zabalguneko denden inguruan nabariagoa zen mugimendua. Hor kokatzen dira izen handiko etxeen arropa dendak, eta ahalmen handiagoa izanik, beherapen nabarmenagoak eskaintzeko aukera ere badute. Horrela, %60 eta %70eko beherapenak iragartzen dituzten erakusleihoak ikus daitezke egun hauetan. Atzo goizeko azken orduan denda horietan jendea zebilen, eta ixteko orduan salmahaiak beteak ageri ziren. Kanpoan ere, hiri-barneko autobus geltokien inguruan eta dendetatik sartu-irtenean jendea barra-barra ikusi ahal zen.
Usurbilgo Urbil gunean jendearen joan-etorria nabarmena zen atzo eguerdian. Beherapenei probetxu ateratzera joan zirenek Errege Magoen opariak itzultzera joandakoekin egin zuten topo. «Azkar etorri behar da itzultzera, bestelakoan, dendak hustu egiten dira eta gero ez dago aldatzeko ezertxo ere ez», argitu zuen emakume batek.
«Probatu ere egin gabe»
Pazientziarekin erostea beste erremediorik ez zen izan atzo. Goizean goiz apalak txukun agertu ziren baina orduak aurrera egin ahala, arropa pilatzen eta nahasten hasi zen eta nork bere neurria bilatzea ez zen samurra izan. «Dena probatzen ezin zara hasi; nik etxera eramango ditut eta bertan probatu, ondo geratzen ez bazaizkit atzera etorriko naiz itzultzera», hori zioen neska batek, besoak bete arropa zeramala.
Kontsumitzaileak, nolanahi ere, jakitun dira beherapen garaian denda handiek egiten dituzte trikimailuez. «Hemen bada beherapenen aurretik ez zegoen arropa asko, ezin omen dute egin, baina urtero-urtero gertatzen da gauza bera», onartu zuen erosleetako batek, tartean tartean gustukoen bila jarraitzen zuen bitartean.
Nahiz eta kontsumitzaileen elkarteek eta administrazioek ilegala dela ohartarazi, hainbat dendetan, handietan batez ere, merkealdiak hasi baino hilabete lehenago ez ziren produktuak jartzen dituzte egun hauetan salgai.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan bost astez izango beherapen garaia eta datorren otsailaren 5ean «neguko likidazioa» egingo dute, dendetan gelditzen diren gauzak kanpora atera eta salgai jarriko dituzte «oso prezio merkean».