Estutzen eta estutzen jarraitzeko emandako arnasaldia ezin da keinu positibo gisa onartu
Atzo Israelgo Armadak hiru orduz eten zuen Gazaren aurkako bonbardaketa, nazioartetik jasotzen ari den eskaerekiko keinu gisa. Egunetik egunera larriagotzen ari den egoera humanitarioa «lagundu» nahi du era honetan. Hemendik aurrera egunero berretsiko duen jokabidea omen da. 13.00etatik 16.00etara ez bide ditu palestinarrak bonbardatuko eta Gazan laguntza medikoa, elikagaiak eta erregaiak sartzen utziko du. Hamasek ere hiru orduko etenaldi hau onetsi du, eta tarte horretan ez du suziririk jaurtiko gainontzeko lurralde okupatuen aurka.
Nolanahi ere, hiru ordu horiek igarota, britainiarren puntualtasunez, F-16 israeldarrek Gaza suntsitzeari ekin zioten berriro. Horrela, aurretik sartzen utzitako botikak erabili ahal izango dituzte mediku palestinar zein atzerritarrek Gazan zutunik irauten duten klinika apurretan. Jakina, harik eta horiek ere suntsitzen dituzten arte. Lasai, ordea, bihar ere botika gehiago sartzen utziko dute, hala erabakiz gero. Bista-bistako hipokrisia adibide hau «keinu positibo» gisa ulertu nahi izatea inozokeria galanta litzateke. Tamalez, nazioarteko komunitatean maltzurkeria da nagusi, ez inozokeria.