GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mauleko lizeoko irakasleek gaua pasatu zuten barnetegiko ikasketa gelan

Idoia ERASO |

«Zentrotik kanporatuak izateko beldurra bagenuen ere, itxialdia inolako arazorik gabe egin zen», adierazi zuen Mauleko Jean Pierre Champo lanbide heziketako lizeoko irakasle Henry Gairinek. Hezkuntza Nazionalak lanbide heziketarako aurreikusi dituen aldaketen kontra protestatzeko egin zuten irakasleek zentroko barnetegiko okupazioa astelehenetik eta asteartera arteko gauean.

Atzo goizean ikasle asko ez ziren klaseetara joan. Champo lizeoak Mauletik urrun bizi diren ikasleentzat barnetegia ere badu, eta eskolatuen %80k zentroan egiten du lo. «Ikasketa zentroko arduradunak egoitzaren ziurtasuna ezin zuela bermatu esan zuenez, gurasoak beren semeen bila etorri ziren gauean eta ondorioz atzo goizean gazte asko ez ziren klaseetara etorri», azaldu zuen Arte Aplikatuetako irakasle den Gairinek.

Irakasleak, elkartuta

Champo lizeoak 250 ikasle eta 30 irakasle ditu. Okupazioan 20 bat irakaslek parte hartu zuten, baina gaua pasatzen egon ez ziren irakasle gehienen sostengua badutela nabarmendu zuen Gairinek: «Gurekin gelditu ez ziren irakasle gehienak beren etxeko egoeragatik ezin izan zutelako ez ziren gelditu, baina gure ekintzarekin bat datoz».

Protestaren ondorioz irakasleek inolako erantzunik ez dutela jaso esan zuen irakasleak: «Seguruenik ez dugu errepustarik izango. Gure solaskidea Bordeleko Ikuskaritza Akademikoa da, baina oraingoz ez dugu gauza handirik espero». Bi asteren buruan irakasleek beste bilkura bat egingo dute hurrengo ekintzak antolatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo