Surfa
Pauline Ado hendaiarra munduko txapeldun da
GARA | BILBO
Pauline Ado surflari hendaiarrak Munduko ASP Txapelketa irabazi du 21 urtez azpiko kategorian. Australian, Sidneyko Noth Narrabeen hondartzan, jokaturiko norgehiagokan, guztira, 18 neskak parte hartu zuten eta surflari lapurtarrak Bethany Hamilton Hawaiiko surflariari irabazi zion.
«Hitzik egin ezinda nago! Egia bihurtu den ametsa da hau. Goizean jaiki naizenean inola ere ez nuen pentsatuko munduko txapeldun izango nintzenik!», aitortu zuen Adok, pozarren finala irabazi ostean. Izan ere, hendaiarrak azken unean lortu zuen Australian lehiatu ahal izateko txartela, Ann Curren biarriztarrak bere tokia libre utzi eta gero.
Horrez gain, aipagarria da surflari euskalduna dela maila honetan Australiatik kanpoko aurreneko munduko txapelduna.
Azkenik, surflari gazteak heldu den urtean ibilbide profesionalari ekiteko asmoa azaldu zuen.
Marc Lacomare, hirugarren
Aldiz, mutilen artean 19 urteko Kai Barger Hawaiiko surflaria izan zen garaile, Jadson Andre brasildarrari finalean irabazi eta gero. Hirugarren postua, berriz, Marc Lacomare frantsesarentzat izan zen.
Lacomare, Hossegorrekoa da izatez, baina Euskal Herrian «hazitako» surflaria da. «Beste hilabete geratuko naiz Australian, eta Queenslandeko Pro Junior lehiaketa zenbaitetan parte hartuko dut», adierazi zuen.