Etxepare Euskal Institutuaren lehen urratsak, martxoaren 1ari begira
«Euskara, jalgi hadi mundura» lelopean, abian da Etxepare Euskal Institutua, euskararen eta euskal kulturaren kanpo zabalpena helburu duena. Donostiako Tabakaleran izango du egoitza nagusia, baina lanak bukatu bitartean, Prim kalean kokatuko da. Miren Azkarate kultura sailburuak beteko ditu zuzendari funtzioak, hauteskunde ostean zuzendari berria hautatu arte. Aurrekontuak onartzea eta langilez hornitzea izango dira datozen hileotarako lanak.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Bernat Etxeparek aspaldi utzi zuen idatzita: «Heuscara ialgui adi campora». Ia bostehun urte geroago sortu da Etxepare Euskal Institutua, eta abian da atzokoaz geroztik. Zuzenbide pribatuko erakunde publiko honek helburu jakin bat du: euskara eta euskal kultura munduan zehar zabaltzea eta bultzatzea.
Atzo Donostian egindako agerraldian Miren Azkaratek adierazi zuenez, datozen hileotarako lehentasun nagusiak aurrekontua dekretuz onartzea eta lan taldea deialdi publiko bidez osatzea izango dira. «Zuzendari berria hautatu bitartean, momentu honetan ezinbestekoak diren betebeharrak egiteko aprobetxatu nahi dut».
Bestalde, Kultura sailburuak gaineratu zuen, hamar lanpostu horiek definitu, ezaugarriak finkatu eta langilez hornitzeaz gain, Donostiako Prim kalean duten behin-behineko egoitzan egiten ari diren lanen jarraipen zehatza egingo duela. «Ahal den azkarren bukatzea espero dugu. Datorren martxorako erabilgarri egotea aurreikusten dugu». Izan ere, bertan egongo dira Tabakalerako berritze lanak irauten duten bitartean.
Euskara mundura
Euskara eta euskal kultura zabaltzeko, Institutuak bi atal izango ditu. Bata euskal kulturaren sustapenaz eta zabalpenaz arduratuko da. Arlo honen baitan uztartuko dira musika, arte eszenikoak, ikus-arteak, zinema, arkitektura eta diseinua. Kanpoko herrialdeetan euskal kultur sorkuntzaren programazioa handitzea izango du xede, baita ere artistei eta obrei bideak irekitzea, sorkuntza garaikidearen ezagutza zabaltzea eta ekintza estrategikoak bultzatzea. Gainera, kultura eragileei laguntza emateko programak diseinatuko ditu, literatura, pentsamendua eta ikerketa euskaraz egin daitezen.
Bigarrenak, berriz, euskara ezagutaraztea eta hedatzea izango du helburu, horretarako irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza bultzatuz. Atal honen lana izango da, adibidez, Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskararen ikerketa eta ikasketak bultzatzea. Gainera, euskara bigarren hizkuntza bezala irakasteko irakasleen prestakuntza, Euskal Herritik kanpo euskara gaitasunaren titulua lortzeko azterketak eta euskararen presentzia unibertsala indartuko ditu. Gaztelania, katalana eta galiziera bultzatzen dituzten erakundeekin ere elkarlanean aritzeko asmoa azaldu dute.
Eusko Legebiltzarrak 2007ko apirilaren 20an onartu zuen 3/2007 Etxepare Euskal Institutua sortzeko eta arautzeko Legea eta 2008ko uztailean osatu zuen Ibarretxe lehendakaria buru duen 31 kideko patronatua. Kide hauen artean aurkitzen dira Lakuako sail ezberdinetako ordezkariak, filologian eta euskal kulturan adituak eta Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, euskal unibertsitate eta beste zenbait erakundetako kideak. Oraingoz, Miren Azkarate Kultura sailburuak beteko ditu zuzendari lanak, martxoaren 1eko hauteskundeak igaro arte itxarotea erabaki baitute zuzendari berria izendatzeko.
Etxepare Euskal Institutuaren helburu bertsuekin sortu zen 2000. urtean Institut Ramon Llull. Geroztik hizkuntza eta kultura katalana mundu osora zabaltzen dihardute. Lanak dezente aurreratuago izateaz gain, badu Etxeparerekin ezberdintasun nagusi bat: Kataluniako Generalitateak eta Balear uharteetako Gobernuak osatzen dute. Gainera, Andorrako Estatuarekin batera Fundació Ramon Llull osatzen dute eta Valentziako eta Frantziako herrialde kataluniarrekin hainbat akordio lortu izan dituzte. Etxepare Euskal Institutua, berriz, Euskal Autonomia Erkidegokoa bakarrik izango da, oraingoz behintzat.
Institut Ramon Llullen helburuei begiratu bat emanez gero, nabaria da Etxeparek aintzat hartu duela bereak finkatzeko. Bi sailetan barik, hirutan sailkatzen da erakunde katalana.
Lehenengoa, Hizkuntza eta Unibertsitateak deiturikoa, katalanaren presentzia, ikerketa eta ikasketaz arduratzen da eta unibertsitateetan duen lekua sustatzen du. Erakunde publikoetan hizkuntza katalana bultzatu eta ziurtatzea ere badu helburu.
Bigarren saila sorkuntzari dagokio. Musika, arte eszenikoak, zinema eta arkitektura eta diseinua hartzen ditu bere baitan, eta atzerrian euren lanen programazioa bultzatzen du.
Azkenik, humanitate eta zientziaren arloan, literatura, pentsamendua eta ikerketa lantzen dira.
Institut Ramon Llull eta kultura katalana Durangoko Azokako gonbidatuak izango dira aurten, iaz finlandiarrak izan ziren eran.
Datozen hileotan aurrekontua dekretuz onartzea eta lan taldea deialdi publiko bidez osatzea izango dira Azkarateren lehentasunak. Donostiako Prim kaleko eraikineko lanak martxorako bukatzea espero dute.