Herri pobreetan, besteekin alderatuta, 300 bider arriskugarriagoa da erditzea
Herrialde pobre edo garatuan bizitzearen arabera emakumeak haurdunaldian edo erditzean hiltzeko duen arriskuari buruzko datuak oso adierazgarriak dira. Herrialde pobreetan 300 bider handiago da haurdunaldiko edo erditzearen uneko arazoengatik hiltzeko arriskua.
GARA |
Garapen bideari ekin dioten herrialdeetan gertatzen dira haurdunaldiarekin edo erditzearekin zerikusia duten arazoek eragindako emakumeen heriotzen %99. Herrialdeotan, emakumeen osasunerako arriskurik larrienetariko bat haurdun izatea da.
Unicef-ek atzo aurkeztu zuen 2009. urteko txostena eta bertan dioenez, garapen bidean atzeratuen dauden herrialdeetan, herri aurreratuenetan baino 300 bider handiagoa da emakumeek halako arazoengatik hiltzeko duten arriskua. Gainera, horietan jaiotako umeak bizitzako lehen hilabetean hiltzeko aukerak 14 bider gehiago dira.
«Urtero, milioi erdi emakume eta gehiago hiltzen dira haurdunaldian edo erditzerakoan agertutako arazoen ondorioz, 70.000 neskatoak, 15 eta 19 urte bitarteko gazteak direla», adierazi zuen Ann Veneman-ek, Unicef-eko zuzendari exekutiboak. «1990. urtetik hona, hamar milioi emakume inguru hil dira haurdunaldian izaniko konplikazioengatik -1.500 egunero-, eta heriotza horien %95 Afrikan eta Asian gertatzen da».
Eta ordutik, urtero lau milioi dira bizitzako lehen 28 egunetan hiltzen diren haurtxoak, eta 9,8 milioi, bost urte bete baino lehen hildako umeak. «Heriotza horietatik asko haurraren amaren osasunarekin dute zerikusia», gaineratu zuen Venemanek.
«Bi urte bete baino lehen hiltzeko arrisku gehiago dute sei hilabete dutenean ama galtzen duten jaioberriek, ama bizirik dutenen aldean», nabarmentzen du, halaber, txostenak. Afganistanen, erditzean hildako amen haurren %75ek ez du hilabete baino gehiago betetzen.
1980. eta 2000. urteen bitartean, jaioberrien heriotza tasa %25 gutxitu da, baina bost urtetik beherako adina duten umeena baino askoz astiroago. Amen heriotza tasaren murrizketaren aldeko aurrerapausoak txikiagoak izan direla esan zuen Unicef-ek.
Jaioberrien eta amen heriotza tasei aurre egiteko osasun-sistema indartzea gomendatzen du Unicef-ek, amek oinarrizko osasun laguntzarako eta obstetriziarako aukera izateak heriotzen %80 saihestuko lukeela esanez.
Emakumeen osasuna zaintzeko ohiko azterketa sorta bat ezartzea garrantzitsutzat jo du Nazio Batuen erakunde horrek, baita medikuak eta batez ere emaginak lanbiderako prestatzea ere. Horrez gain, emakumeak autonomo izatearen alde egitera dei egin du, hezkuntzarekiko loturak indartuz eta diskriminazioa murriztuz. Heziera oneko emakumeek beranduago izaten omen dituzte seme-alabak.
Salatu du garapen bideari ekin dioten herrialdeetan emakume askok ezin duela bere osasun beharrekiko erabakirik hartu.
Niger, Afganistan, Sierra Leona, Txad, Angola, Liberia, Somalia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ginea Bissau eta Mali dira emakumearentzat erditzean hiltzeko arrisku gehien duten hamar herrialdeak.