GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Musika jostailuak eta simulazioa

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Musikari izatea ez da batera erraza. Zaletasuna duen musikariak bere musika tresna menperatzeko orduak eta gogoak inbertitu behar ditu. Zaletasuna lanbide bihurtzea ez da nahi izate hutsagatik betetzen den gauza. Zorteak, maiz, musikariaren zaletasuna lanbide bilakatzen du. «Musikarien ofizioa ez da batere erraza», Justin Timberlake kantari ahaltsuari entzun dakizkiokeen hitzak dira, Madison Square Garden aretoan grabatu zuen Futursex / Loveshow DVD arrakastatsuan. Zenbaitek musika lanbidea mirestu egiten dute, beste gehiengo batek, ordea, mirestu egiten du musikatik bizi ahal izatea. Nik, beti miresmenez hartu ditut musikariak, gustuko izan euren lanak, edo ez. Niretzat ezinezkoa dena egiten dute, noten malabaristatzat ditut. Zenbat nota buruan, bata bestearen erreskadan, eta nota horiei guztiei zentzua ematea. Lau nota sinple nahikoa da mundu oso bat dardara bizian jartzeko (bueno, hori gutxi batzuek lortu dute), baina abesti asko iltzaturik geratu zaizkigu gure memoria hauskorrean. Txundituta utzi naute musikarien trebetasunek. Azken boladan, musika tresna eta musika jostailuak parean jarri nahi dizkigute. «Musika jostailu» esatean aditzera eman nahi dudana da merkatuan gero eta gehiago sartu diren guitar hero, wii music, singer star... gisako jostailuak. Musika saldu nahi digute eta musikari garela esanez engainatzen gaituzte, baina errealitatea oso bestelakoa da. Jostailu hauekin saldu nahi digute denok musika maite dugulako, denok izan gaitezkeela musikari. Baina ez. Bideojokoek erronkak gainditzera eramaten zaituzte. Bideojokoek mendekotasun-sortzaileak dira. Jokoen funtsa norbait gainditzea da, eta gainditze horretan joko-gaindosiak garamatza, behin eta berriro, jokoaren ildotik trebatzera. Baina musika «joko» hauek ez dute sortzen musika zaletasunik. Saldu nahi digute geu garela benetako musikariak eta laugarren errepikaldirako gogaituta uzten gaituzte. Joko horiek ez dut uste musika maitatzeko eta musikariak egiteko sortu direnik, egileen hitzek bestelakoak esan arren. Gitarra jotzen ez dakienak emango ditu nahi dituen orduak guitar hero tramankuluaren aurrean eta geroxeago konturatuko da, benetako gitarra hartzen duenean, batez ere, denbora alperrik galdu duela. Jokoa bera da ilusio sortzaile eta ilusioa zapuztu egiten da benetako bizitzara jauzi egitean. Dena simulazioa da. Jostailuen musika urrutiko agintean baino ez da geratzen. Ez gara izango sentiberagoak musikarekiko, ez digu musikarekiko pizgarririk atxikiko, ezta guitar hero lehiaketek ere. Berunezko laino batean sartuko gaitu joko horretatik irten bezain laster. Musika jotzeko, musika sortzeko musika tresnak behar baitira; gehien estimatzen denerako ere bai, alegia, zaletasuna sortzeko. Jostatzeko ere, erabili benetako musika tresnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo