GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Iragan partidetan gertatutakoa aztertu du entrenatzaile tolosarrak

Abreuren kontratazioaz baino, hobe azken minutuetan galdutako puntuez mintzatzea

Aurrelaria bihar goizean iritsiko da Donostiara eta igandean aurkeztuko dute.

GARA | DONOSTIA

Azken egunotan asko hitz egiten ari da bihar goizeko hamaiketan Donostiara iritsiko den eta igandean aurkeztua izango den Abreu uruguaiarraz, baina Juanma Lillo Realeko entrenatzaileak ez zuen jokalariari buruz gehiegi mintzatu nahi izan astero ematen duen prentsaurrekoan. Arrazoia argi azaldu zuen: jokalariari buruz publikoki esaten den guztiak fitxatzean arazoak sor ditzake.

Dena den, entrenatzaile zuri urdinak aurrelariak golak sartzeko duen abilezia ez galtzeko eta sasoiko egoteko gogor lan egiten ari dela azpimarratu zuen. Horrekin batera, uruguaiarra goleatzailea izateaz gain, «beste ezaugarri batzuez bizi den jokalaria» dela aipatu zuen Lillok.

Gauzak horrela, talde gipuzkoarrak iragan asteetako partidetako azken minutuetan emaitza positiboak mantentzeko izan dituen arazoei heldu zien zuri-urdinen entrenatzaileak.

Bere iritzia azaltzeko futbola kasinoetako jokoekin alderatu zuen Lillok: «Irabazten ari ez zarenean dena zenbaki batera jokatzen duen kasinoko jokalari bihurtzen zara eta larrugorritan gera zaitezke barrika batez zure hankartea estaltzen. Baina, irabazten ari zarenean txanpon bat jokatzen duzu eta listo».

Realak bi partida besterik ez ditu galdu bisitari gisa eta sei berdindu. Alde horretatik, «guri irabaztea zaila dela jakiteak, lagundu egiten du», aipatu zuen Lillok, baina mezu hau utzi zuen: «Gure aurretik talde asko dauden bitartean, lau puntura egotearen kontua egia da, baina gezurra ere bada». Horregatik, entrenatzaile gipuzkoarrak bolada txarra amaitu nahi du, etxetik kanpo «bi edo hiru partida jarraian irabaziz».

Taldea, «moralez bikain»

Beste alde batetik, Lillok oso egoera onean ikusi ditu Realeko jokalariak, azken bi partidetan luzapenean lau puntu ihes egiten utzi ondoren. «Jokalariekin hitz egiteko asmoa izan nezakeen, baina hainbeste harritu naute astean zehar, ez dudala beharrezko ikusi», azpimarratu zuen.

Asteburu honetako partidari dagokionez, tolosarrak Rayoren aurkako lehen 30 minutuetan egindako lan txukuna errepikatu nahiko luke Levanteren aurka. «Oso 30 minutu onak izan ziren» -adierazi zuen-, baina «itzali egin ginen», gehitu zuen. Horren arrazoia zein den jakitea zaila ikusi arren, «markagailuak egunero baldintzatzen du ondoren gertatuko diren ekintzak», uste du Lillok.

Levante «ondo armatuta» dagoen taldea dela adierazi eta valentziarren prestatzaile Garcia Plazaren lana goraipatu zuen Lillok. Horrez gain, aurkariaren kontraeraso arriskutsuaz ohartarazi zuen.

iruzur fiskala

«El Mundo Deportivo» egunkariak atzo argitaratu zuenez, Foru-Ogasunak Real Sociedad SADen iruzur fiskala igorri zion herenegun Gipuzkoako Fiskaltzari. Realeko azken bost presidenteei egotziko litzaieke errua.

LAS PALMAS

Bi aste barruko Las Palmasen aurkako partidarako bidaia antolatzen hasi da Musti Taldea. Irteera hilaren 30ean izango da, eta itzulera otsailaren 2an. Prezioa 310 eurokoa da. Izena emateko 635720989 zenbakira deitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo