GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Leire Ibarguren Agirre Azpeitiko hautetsi independentisten izenean

Kriminalizaziorik ez; Azpeitia berria aurrera!

Talde politikoak ilegalizatzeko erabiltzen dituzten argudio berberak bere egiten ikus ditzakegu PNVkoak, ezker abertzaleari alkatetza kentzeko. Eta benetan kezkagarria iruditzen zaigu ilegalizazioaren aurka daudela esan eta argudio berberez baliatzea etekin politikoa ateratzeko

Orain dela urte eta erdi inguru Azpeitiko Udalean udal gobernu berria eratu genuen gobernu akordio batean oinarrituta. Ordura arte PNVk urteetan egindako udal politikaren alternatiba erreal bat posible dela erakutsi nahi genien herritarrei. Bitarte honetan proposamenak eta ekarpenak egiteko guneak zabaldu ditugu, herri bat herritarrek eraiki behar dutela pentsatzen dugulako. Azpeitiarren parte-hartze zuzenarekin herri bizi eta aktibo bat eraikitzeko oinarriak jartzea izan da gure helburua.

Datorren astetik aurrera ziurrenez PNV bere betiko udal politikara itzuliko da. Baina hau ez da bereziki kezkatzen gaituen zerbait, ezker abertzalea ez baita poltrona eta botere gosearen arabera ibiltzen. Guretzat udal bat gobernatzea ez da helburua, bitartekoa baizik, beste herri eredu batean oinarritutako Azpeitia eraikitzeko bitartekoa. Eta aurrerantzean ere horren alde lanean jarraituko dugu.

Kezkatzen gaituena PNVk ezker abertzalearen kriminalizazioan hartu duen protagonismoa da. Madriletik datorren ezker abertzalea kriminalizatzeko estrategia babestu eta indartzeko PNV eta EA ematera doazen pausoak kezkatzen gaitu. Azpeitiko Udalean ez dago PP eta PSOE alderdi espainoletako zinegotzirik, PNV da, bere kabuz eta bere iniziatiba propioz ezker abertzaleko hautetsiok politika egiteko dugun zilegitasuna zalantzan jarri nahi duena.

Orain dela urtebete inguru, ANVren suspentsioa eman zenean, PNVko zortzi zinegotziek Azpeitiko udal gobernuak ateratako mozioarekin bat egin zuten. Ideien kriminalizazioa salatu eta erakunde politikoen ilegalizazio prozesuen kontrako jarrera berretsiz kalera atera ziren udal gobernuarekin batera. Orain, urtebete beranduago, talde politikoak ilegalizatzeko erabiltzen dituzten argudio berberak bere egiten ikus ditzakegu ezker abertzaleari alkatetza kentzeko. Eta benetan kezkagarria iruditzen zaigu ilegalizazioaren aurka daudela esan eta argudio berberez baliatzea etekin politikoa ateratzeko.

Eta bereziki kezkatzen gaituena, kondena eta ez kondenaren izenean politika egiteko ateak nola ixten dizkiguten ikustea da. Azpeitiko sei zinegotziok urte eta erdi honetan herriaren alde egin dugun lan politikoaren duintasuna zalantzan jarri nahi izatea. Eta ildo horretatik, bide politikoak erabiltzen dituztenen kriminalizazioa, atxiloketak, jazarpenak eta torturak ahalbidetzen dituen estrategia politikoa indartzen dutela ikustea. Hori da bereziki kezkatzen gaituena.

Bilboko auzitegian elkarrizketa eta negoziazioa aldarrikatzen duten bitartean guztiz kontrakoa den estrategia politikoan murgilduta ikusten dugu PNV eta honek behin betikoz herri honetako sufrimenduarekin bukatzeko hain beharrezkoa dugun konponbide politikotik urrundu egiten gaitu.

Bukatzeko, Azpeitiko zortzi hautetsi independentistok, gure konpromisoa berresten dugu bide politikoetatik lanean jarraitzeko. Azpeitia berri baten alde eta Euskal Herriko sufrimenduarekin bukatzeko guztion arteko elkarrizketatik etorriko den konponbide politikoaren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo