GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Fito Rodriguez Bornaetxea UPV-EHUko irakaslea eta »Jerusalem, Xalimen hiria» liburuaren egilea

Kanpaiek zeinentzat jotzen duten...

Gazaren aurkako inbasioak ez du oraingoz tamaina bereko erantzunik eragin «inteligentzia globalean», baina ezin esan honetan intelektualek beharrik ez dutenik Gerra ikuskizun bihurturik, berbak motz eta egintzak kamuts geratzen zaizkigu, baina gertatzen ari den sarraskiaren aurrean ezin gara mutu, ez eta itsu ere geratu

For Whom the Bell Tolls» (Scribner´s, New York, 1940) bertsoa lapurtu zion Hemingwayk John Donne ingeles poetari, elkartasunaz harago, armak eskuan, Espainiako faxistei aurre egin nahi izan zien idazle amerikar baten istorioa kontatzen zuen eleberriari izenburua emateko. Horretan oinarriturik, izen bereko filma ere egin zen, Ingrid Bergmanek nahiz Gary Cooperek protagonista zituen filma. Azken honek, ustezko idazlea zen Robert Jordani izaera emanez, porrot militarraren erdian, honakoa adierazten zuen: «Mundu honetan gertatzen den orok nozitzen gaitu ezinbestean...» eta horrela, heriotza eta sufrikario lagun, ohiko eszeptizismoa alboratu zuen idazleak eta, halaber, gizakiengan aurki daitezkeen balio handienekin topo egin zuen.

«L´espoir» (Gallimard, Paris, 1937) izan liteke, aurreko nobelarekin batera, espainiar Errepublika defendatzen aritutako intelektualen bizitza eta gogoetak, heriotzak eta idazkien berri hedatu zuen literatur emaitza zabalduena. Baina bere autoreak, Andre Malrauxek, Ernest Hemingwayk bezala, gizadiaren aurka suertatzen ari zen triskantzaren aurrean ez zituen bakarrik bere izkribuak eskaini, gerran zeudenen artean aukera egin eta haren alde erabat lerratu zen.

Orduan hirurogeita hamar urte zituen Julien Benda frantziar idazleak («Le trahision des clerscs», Grasset, Paris, 1927) Valentzian 1937an eginiko intelektual antifaxisten kongresuaren sarrera hitzaldian honela azaldu zuen hautuaren beharra: «Intelektuala ez dela politikan sartu behar badiote ere, gizadiaren funtsezko balioak birrintzen direnean intelektualak giza eskubideen alde egon behar du, areago mendetasunaren aurka nazioak aske izateko borrokan ari garenean...».

Hantxe, faxismoaren kontra, bildu ziren Ludwig Renn, Mijail Koltzov, Ilya Ehrenburg, Nino Nanetti, Andre Chamson edo Louis Aragon bera, besteak beste... Azken honek ere, bere eleberria eskaini nahi izan zion giza balioen aldeko defentsa armatu horri («Les communistes») baina, sarraskien erdian, bertan behera utzi behar izan zuen egitasmoa eta olerki umil baten hitzak baino ez zitzaizkion geratu gertatzen ari zena aitatzeko: «Je me souviens d´un air qu´on ne pouvait entendre/ Je me souviens d´un air parei là l´air du large/ Je me souviens d´un air qu l´on sifflait dans l´ombre/ Je cherche vainemaent ses phrases déchirantes/ Mais la terre n´a plus que des pleurs d´opera...». «Aditzen ezinezkoa zen doinua gogoratzen dut./ Askatasunaren antzekoa zen doinua gogoratzen dut./ Itzalean txistu egiten genuen abestia gogoratzen dut./ Esaera asaldagarriak bilatzen ditut/ Baina lurrak opera malkoak baino ez ditu...».

Aragon poetak gertatzen ari zenaren aurrean gizakion duintasuna nahiz berezkotasuna berreskuratu nahi zuen hitzaren nahiz hautuaren bidez, baina ez zekien zer zen eraginkorren.

Gerra lerroetara gerturatu gabe, baina Parisen gerraren kontra, hau da, gudari borroka eginez antolaturiko bileretara agertu ziren Bertold Brech, Tristan Tzara, Anna Seghers, Heinrich eta Tomas Mann (Klaus, Theodor Balk, Hans Kahle, Joris Ivens edo Kurt Stern bezala, berriz, lubakietara etorri zen...) eta Jose Bergaminekin edota Max Aubekin ere elkartu arren, idazle-borrokalari haiek ez ziren espainiarrak, frantsesak, alemaniarrak, ingelesak, errumaniarrak, hungariarrak, ipar amerikarrak eta abar, baina, arestian Bendak zioenez, «mendetasunaren aurka nazioak aske izateko borroka»ren hautua egin zuten nabarmen.

Gazaren aurkako inbasioak ez du oraingoz tamaina bereko erantzunik eragin «inteligentzia globalean», baina ezin esan honetan intelektualek beharrik ez dutenik.

Gerra ikuskizun bihurturik, berbak motz eta egintzak kamuts geratzen zaizkigu, baina gertatzen ari den sarraskiaren aurrean ezin gara mutu, ez eta itsu ere geratu. Hemingwayk ostutako John Donneren olerkiak hala dio: «Gizakia ezin da irla batekin konparatu,/ gizaki oro kontinentearen zatia baita,/ lehorraren zatia./ Itsasoak lur zatiren bat eramango balu,/ Europak muinoa galduko luke.../ etxe handi bat eramango balu bezala,/ zurea edo zure lagunena,/ gizadiaren parte bainaiz./ Horregatik ez zenuke jakin behar/ kanpaiek zeinentzat jotzen duten,/ zuretzat ari baitira jotzen».

Gazan jotzen duten kolpe bakoitzak gutako bakoitza kolpatzen duelako...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo