Danborrada mistoa izan arren, ez dela parekidea adierazi du Bilgune Feministak
Donostiako danborradak «jai matxista» izaten jarraitzen duela salatu zuten atzo Bilgune Feministako kideek. «Jaiak matxistak dira, gizartearen isla direlako, eta gaur egun oraindik gizartea matxista delako» adierazi dute. Bestetik, «taldeak mistoak izateak ez du parekoak direnik esan nahi» eta «oraindik lan handia dago egiteko alor horretan», argitu zuten.
Janire ARRONDO |
Donostiako danborradaren bezperatan, jai horren «parekidetasun falta» salatu zuten Bilgune Feministako kideek. Atzo egindako agerraldian, Ramon Etxezarreta Donostiako Udaleko zinegotziak egindako hainbat adierazpeni erantzun zioten. «Udalak matxismoa babesten duela esatea disparate handia dela esan zuen Etxezarretak eta, beraz, nola ziurtatzen da soilik gizonezkoenak diren 20 talde horietan emakumeen presentzia?», galdetu zioten.
Burua ez engaina
Haien iritziz, Udalak azken urteetan emandako pausoak «dirulaguntzetan oinarritu ditu, eta gu ez gara parekidetasuna diruz lortzearen aldekoak». Halere, «pausoak badira», saiakera guztiak egiteko prest daudela azaldu zuten. Bestalde, haien hitzetan, «danborradak mistoak izateak ez du parekideak direnik esan nahi».
«Ez dezagun gure burua engaina», jarraitu zuten, «adibidez, mistoak diren danborrada askotan emakumeak soilik upel-jotzaile aritzen baitira». Emakumeek jai hauek «muga ugarirekin» ospatu behar izaten dituztela salatu zuten. «Danborrada batzuetan afaria soilik gizonen artean ospatu ondoren uzten diete emakumeei beraiekin irteten». Ildo beretik, «danborrada batzuetan gizonek soilik astebetez entseatzen badute ere, emakumeei hilabetez entsearazten diete, hauek hasiberriak izan ez arren», salatu zuten Bilguneko kideek.
Ainhoa Beolak agertu bezala, elkarteen %76,2 mistoa izanda «egia da emakumeen parte hartzea hazten ari dela, baina oraindik lan asko dago egiteko».
Lanaren errekonozimendua
Bilgune Feministakoen hitzetan, «jaiak matxistak dira, gizartearen isla direlako eta gizartea egun matxista delako». Horren aurrean, «parekidetasunaren bidean pauso berriak emateko asmoz, kritikak eta proposamenak dakartzagu», adierazi zuten.
«Oholtza bada jaien errepresentazio gorena, oholtzak herritarrena izan behar du», aldarrikatu zuten. Beraz, oholtzaren erabilerak, eta baita banderaren igoera eta jaitsiera ekitaldiak ere txandakakoak izan beharko luketela agertu zuten.
Bestetik, «emakumeon parte hartzea eta eremu publikoak geureganatzea mugimendu feministak egindako lanaren emaitza dira», azaldu zuten. Horregatik, «emakume upel-jotzaile, danbor-jotzaile, festazale eta feministei, egindako lanaren errekonozimendu gisa, Sarriegi plazako danbor-jotzailearen eskulturaren ondoan emakumezko upel-jotzaile bat jartzea» proposatu zuten.