GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Hedabide susmagarriak

Hanka-sartze susmagarria», irakurri nuen herenegun gauean telebista kate publiko espainoleko albistegian. Israelek egun horretan NBEren iheslarien gunea bonbardatu zuelako berria aurkezteko titulu gisa erabili zuten. Azpian, azalpena: Israel egoitzaren koordenatuen jakitun zegoen. Nik ere, egun hartako bonbardaketen berri lehenagotik banuenez, ondorio bertsua sumatua nuen: hanka-sartze susmagarria, edo gezurrezko hanka-sartzea; gainera, ez zen NBEren aurkako lehenengo erasoa. Baina telebistak, informazioaz gain, balorazioa eta guzti eman zidan. Eta, hartara, alferrikakoa izan nuen arratsaldeko gogoeta, horren ergela naizenez, kazetari azkar talde batek nire ordez pentsatzeko telebista ordaintzen dudala ohartu gabe. Nire iritziak hedabideen iritzia izan behar duela ahaztuta. Zein hedabiderena, ordea? Hori da hedabide taldeen arteko lehia. Ez zeinek informatzen duen ondoen, baizik eta zeinek eragiten duen gehien jendearen pentsamoldean, sarritan informazioa manipulatuz edo gordez.

Susmagarria omen da, halaber, D3M hautes zerrenda, hainbat hedabideren arabera, tartean «la progre», «la vasca»... Susmagarria ez ezik, estatuari egindako desafioa ere bada zenbaiten ustez. Ez dute nahikoa Urliak eta Berendiak aurkeztu nahi dutela eta ezker abertzalekoak direla esatea; batez ere, haien asmo txarra nabarmentzen dute. Kasu horretan, ordea, alferrik galdu dut dirua, ez baitzait batere susmagarria iruditzen ezker abertzaleko herritar talde bat hauteskundeetara aurkeztea. Hainbeste politikarik eta hedabidek hura aurkezterik nahi ez izatea, berriz, susmagarria iruditzen zait oso.

Kontu horri buruzko zenbait iritzi benetan bitxiak dira, Alderdien Legea gaitzesten hasi eta zerrenda legez kanpo ezartzen badute, ezker abertzalearen errua izango dela esaten dutenak, hain zuzen. Badute horren azalpena baina: ezker abertzaleak benetan bilatzen duena biktimismoa da. Joan den astean ezker abertzaleko eta PSEko kideen eta Ibarretxeren aurkako epaiketa bertan behera geratu izana hauteskunde bezperan biktimismoaren estrategia saihesteko erabaki gisa interpretatu du hainbatek. Egin dezatela gauza bera ezker abertzalearen zerrendarekin ere. Hauteskundeetan parte hartzen utzi eta... izorra daitezela!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo