«Agur partida orain artekoen tankerakoa izatea nahiko nuke: kantxan izerdia botaz»
Erremontista
Zarauzko pilotariak 43 urte beteko ditu datorren hilean. Hernaniko Galarreta pilotalekuak agurra egingo dio, hilaren 24an, kirol honetan 23 urte daramatzan Jon Eizagirreri. Protagonistak tristuraz utziko du pilota, baina jakin badaki gorputza ez duela gainerako kirolariak bezala. Azken denboraldian izandako lesio ugariek sor ditzaketen arazoek eragin dute, besteak beste, bere agurra.
Imanol CARRILLO |
Erremontean 23 urte igaro ostean, Jon Eizagirrek kirol profesionala utziko du datorren hilaren 24an Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Zarauztarrak, besteak beste, bere ibilbideaz, momenturik onenez eta agurreko partidaz hitz egin du elkarrizketa honetan.
Nola hasi zinen erremontean?
Kasualitatez hasi nintzen. Hamaika urte nituela, lagun baten aitak jokatu nahi al genuen galdetu zigun zenbait mutili, horietako bat bere semea zelarik.
Zein izan da momenturik onena?
Momenturik onena beti banakako eta binakako txapelak irabaztean izaten da. Duela lauzpabost urte Altuna I.arekin irabazi nuenak bere xarma du. Berak zortzi final jokatu zituen eta nirekin irabaztea gauza polita izan zen. Oso lagun onak gara.
Urte hauetan zurekin aritutako norbait izendatu behar bazenu?
Jende ugari gogoratzen dut. 80 bat pilotari pasa dira nire ondotik 23 urte hauetan. Horietako bat nabarmendu beharko banu, Mujika II.a izango litzateke. Biak ari ginen mailan gora egiten eta minbiziak jota hil zen. Oso harreman ona nuen; zorigaitz handia izan zen.
Eta orain, kirola utzita zertan jardungo duzu?
Zumaiako Eusko Treneko autobusetan lan egiten jarraituko dut. Horri esker bizi izan naiz orain arte. Bestalde, noizean behin lagunekin pilotan aritu, mendira joan eta asteburuetan semearen futbol partidak ikustera joango naiz.
Nola moldatu zara orain arte lana eta erremontea bateratzeko?
Ondo, ez dut arazorik izan. Lanean beti utzi izan didate lehenago ateratzen partida izan dudan egunean. Hasiera batean, osagarria izan zena, ogibide bihurtuko da hemendik aurrera.
Nola ikusten duzu erremontea gaur egun?
Arlo guztietan nabarmentzen den krisi puntu horrekin, baina jende gaztea dago atzetik, bere lekua daukana. Oso kirol polita da eta pena izango litzateke desagertzea.
Ezberdintasunik sumatzen al duzu hasi zinenetik hona?
Bai, ezberdintasun handia. Zerikusirik ez dauka. Ni hasi nintzenetik hona, pilota, otarrea, pilotarien portaera... Dena aldatu da hasierako egun horietatik hona.
Nolakoa gustatuko litzaizuke izatea zure agurreko partida?
Orain artekoak bezalakoak izatea nahiko nuke: izerdia botatzen den partida horietakoa. Behintzat minik ez hartzea, ondo bukatzea, kantxan jokatzen.
Zerbait berezia prestatu al duzu?
Ez. Zerbait berezia nahi al nuen galdetu zidan nagusiak eta nik partida normala izatea nahi nuela erantzun nion. Beti lagunen eta pilotarien artean zerbait berezia egiten dugu, eta hortik aurrera, etortzen dena ondo etorria izango da.
Zer nolako jarrera erakutsi dute jarraitzaileek urte hauetan?
Jarraitzaileek sekulako meritua daukate. Egunak joan, egunak etorri, beti frontoian izatea, eskertzekoa da. Guk hainbeste urtetan jokatzen aritzeagatik meritua baldin badugu, beraiek are gehiago, azken finean, pilotalekura joaten baitira, sarrera ordaintzen dute eta, gainera, dirua jokatzen dute.