Imanol Muruak irabazi du Tene Mujika beka saria, «Loiolako hegiak» lanarekin
GARA | DONOSTIA
Imanol Murua kazetari zarauztarrak eskuratu du Tene Mujika beka saria «Loiolako hegiak» izenburupean egindako lanarekin. Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Pruden Gartziak osatutako epaimahaiak aho batez erabaki zuen, aurkeztutako beste bost lanen artean, saria Muruari ematea. «Berria» egunkariko kazetari ohia 2006ko udazkenean EAJk, PSEk eta ezker abertzaleak Loiolako santutegian izan zituzten elkarrizketa eta negoziazioen inguruan aritu da. Oraingoz soilik proiektua omen da berak egindakoa, izenburua ere behin-behinekoa ei da, baina zer izatea nahi duen argi dauka Muruak: «Loiolako negoziazio politikoei buruz ahalik eta kontakizun zehatzena egin nahi nuke lehenik, eta etorkizunari begira ondorio batzuk ateratzen ahalegintzea, bigarrenik; zerk huts egin zuen eta ahalegin hark etorkizunari begira zer oinarri baliagarri utzi dituen, alegia».
Iturri desberdinak
Baina santutegian jazotakoa kontatzeaz gain, 2006ko azaroan eta abenduan jazotakoaren hasierakoak eta amaierakoak ere kontuan izango ditu. Horretarako baina, negoziaketetan parte hartu zuten protagonistak elkarrizketatzen saiatuko da «bakoitzaren irakurketa eta ondorioak ahalik eta argien plazaratze aldera». Loiolako elkarrizketa haietan zuzenean parte hartu ez, baina bake prozesuan era batera edo bestera parte hartu zuten iturriez ere baliatuko da, bai eta prentsan argitaratutako artikuluez ere. Nolanahi ere, hiru bertsio ditu Loiolan jazotakoak eta «hiru ikuspegiak ahalik eta modu zehatzenean eta argienean jasotzea da helburua», osagarritasunak eta kontraesanak daudenean horiek nabarmenduz.