GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Larretxeak eta Atutxak lehen postua ziurtatzeko aukera dute

Nafarrak eta bizkaitarrak finalerdiak jokatzeko txartela ziurtatuta dute, baina multzoko onenak direla erakutsi nahi dute Mungian.

p038_f01-111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Binakako Urrezko Aizkorak gero eta gertuago ditu finalerdiak, eta bihar bertan jakingo da lehen multzotik joango diren bi bikoak zeintzuk diren. Bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera Larretxea eta Atutxa II.ak Lopezen eta Vicenteren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

Larretxea eta Atutxa jadanik sailkatuta daude, jokatutako bi saioak irabazi egin baitituzte, eta bihar garaipena erdiesten baldin badute, multzoko lehen postua ere beraientzat izango da. Lopezek eta Vicentek, aldiz, oso zaila dute helburua lortzea. Horretarako, ezinbestekoa dute bihar irabaztea, eta alde handia lortu beharko dute gainera, denborei begiratuta, aurrekoetan ez baitituzte denbora onak egin. Finalerdietara sailkatzeko aukera gehien dituztenak, Arria eta Rekondo dira, jokatutako bi saio irabazi eta bat galduta izan arren. Lehen fase hau, haiek amaituta dute. Bihar Larretxeak eta Atutxak irabaziko balute, haientzat izango litzateke bigarren txartela, eta bestela, berriz, denborei begiratu beharko litzaieke.

Ezusteak sarri izaten dira kirolean, eta bihar ere horixe gerta daiteke, baina Larretxea eta Atutxa faborito garbiak aterako dira. Larretxearentzat lan hau primerakoa da, kolpe handiko aizkolaria baita, eta bere alboan seguru sentitzen da Atutxa gaztea. Bizkaiko txapelduna oso lan ona egiten ari da, eta biharko faborito dira.

Hala ere, Lopezek eta Vicentek badituzte beren aukerak ere, baina hutsik egin gabe amaitu beharko dituzte lanak, bestela jai izango baitute. Bi nafarrek azken urte hauetan goranzko bidean direla erakutsi dute, nahiz eta Vicente Nafarroako Txapelketan bere mailatik behera ibili zen.

Aizkolariek, lehen fase honetako gainerako saioetan bezalaxe, sei lan ezberdin egin beharko dituzte. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatuko dira. Ondoren, erlojuaren kontra arituko dira 45 ontzakoarekin. Hirugarren lanean, aizkolariek 60 ontzakoa zutik erdibitu beharra izango dute. Laugarren lanean, bi 45 ontzako moztu beharko dituzte, bat zutik eta bestea etzanda, eta bikote bakoitzeko kide batek bat erdibitu beharko du. Horren ostean, bi 60 ontzako moztu beharko dituzte, bakoitzak bana, eta azkenik, txanda librean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako.

Bigarren multzoak asteburu honetan jai izango du, baina han jadanik sailkatzekoak sailkatuta daude. Mugertza II.a eta Nazabal eta Arrospide eta Azurmendi. Elkarren arteko dema geratzen zaie lehen fasea amaitzeko, eta orduan multzoko lehen postua izango dute jokoan. Irabazten duena lehenengo geratuko da, eta galtzen duena bigarren. Gerora, finalerdietan, beste multzokoekin gurutzatuko dira.

Finala

Zaldi-mando proben Euskal Herriko finala jokatuko da gaur iluntzean Aian, 22.00etatik aurrera. Bertan Euskal Herriko probalekuetan joan den urtean izandako hiru abererik onenak lehiatuko dira.

Honako hauek arituko dira harriari tiraka gaur gauean: Kobaren, Uriarteren eta Alegriaren abereak. Bakoitzak ordu erdia izango du harriari tiraka lanean jarduteko, eta tarte horretan plazarik gehien egiten duen abereak eramango du garaipena. Joan den urtean Alegriarenak eskuratu zituen mantak, eta hori egin ahal izateko, 77 plaza, 1/2 eta 2,25 metro egin behar izan zituen.

Bigarren Mailan jarraitu ahal izateko azken aukera izango da Iturenen

Nafarroako Bigarren Mailan jarraitu ahal izateko azkeneko aukera izango da Iturenen urtarrilaren 31n, hantxe jokatuko baita mailan jarraitu edo ez erabakitzeko saioa.

Telletxea, Xanti Olano, Arkaitz Olano eta Pikabea arituko dira. Laurek Nafarroako Bigarren Mailan jarraitu nahi baitute. Geratzea lortzen dutenak maila horretan arituko dira aurtengo lehiaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo