Adostasunik ez arabiarren artean; bai, ordea, Israelen eta AEBen artean
Mahai gainean jarraitzen du Egiptoren su-eten proposamenak, hedabideetan Hamasen eta Israelen iragarpenek, jartzen dituzten baldintzek eta onartzen ez dituztenek. Siriako presidente Bachar al Assaden ustez, Ekialde Hurbilerako bake ekimen arabiarra hilda dago, baina herrialde arabiarrek ez dute adostu Israelen sarraskiaren aurrean nola jokatu, harekiko harreman oro hausteko proposamena airean utzita. Bitartean, Israelgo tropek atzo Gazako hegoaldetik alde egin bazuten ere, palestinar gehiago hil zituzten. Dagoeneko 1.100 hildako baino gehiago eta 5.100 zauritu baino gehiago daude, eta Zisjordanian beste palestinar bat hil zuen Israelgo Armadak.
Israelgo Atzerri ministro Tzipi Livni eta AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Rice Washingtonen bildu ziren atzo, eta Gazako zerrendarako arma kontrabandoa eteteko akordioa iritsi zuten. Israelek eta AEBek arma kontrabandoa baino ikusten ez duten bide hori, ordea, Gazako beharrak asetzeko hornikuntza bide ere bada. Beharbada eraginkorragoa litzateke AEBen eta, oro har, Mendebaldearen eta Israelen arteko arma «kontrabandoa» eteteko akordioa iristea.