GARA > Idatzia > > Ekonomia

Sindikatu guztiek hartuko dituzte Lan Auzitegiaren barne ardurak txandaka

Baionako Prud'Hommes Kontseiluko karguak izendatzeko orduan sortutako kalapita baretzen ari da. CGTko presidente berria «kontseilari guztiekin» lan egiteko prest azaldu da. «Inor ez dela bazter utziko» eta LABek ere bere karguak izango dituela adierazi du.

GARA |

Baionako Prud'Hommes Kontseiluaren ardurak banatzeko orduan hainbat gorabehera izan ondoren, badirudi urak baretzeko bidean direla. Hori pentsa daiteke Lan Auzitegiaren buru Rodolphe Carmouzek (CGT) egindako adierazpenen ostean.

Abenduan egin ziren datozen sei urteetan lan-gatazkak epaitzen jardungo duten kontseilariak hautatzeko bozak. Kontseilua bera eta bost sailetako lehendakariak eta lehendakariordeak izendatzeko orduan, ordea, iskanbila sortu da, batik bat irabazle izan zen CGTren bultzadaz, sindikatuen arteko negoziazioetatik LAB baztertuta geratu zelako.

CFDT sindikatuak, bigarren geratu zenak, ez zuen begi onez ikusi hori, ezta Baionako Kontseiluko aferak Pauen erabakitzea, eta sindikatuen bilkurara ez joatea deliberatu zuen.

«Politizazioa»

Sindikatuek «indarkeria» arbuiatzen zuen agiri bat sustatu zuten, eta horrek sortu zen kalapita. Asteartean karguak hautatzeko egunean haserreak izan ziren eta hainbat kontseilarik egitura hori «politizatzea» egotzi zioten CGTko ordezkariari.

Sindikatu horren kideen artean ere ondoeza eragin du jarrera horrek eta, litekeena da hori izatea presidente berriaren adierazpenen arrazoia. «Kontseilari guztiekin» lan egiteko borondatea azalduta, Carmouzek adierazi du, urtero berritzen diren karguetan, tokia ere izango duela LABek, «horrela aurreikusi baitzen hasieratik».

LABek ez du, berez, proposamenik jaso, baina «garrantzitsuena langileen defentsa» dela adierazi eta denekin hitz egiteko prest agertu da. CFDTk «poza» azaldu du CGTren jarrera aldaketagatik eta bere hasierako proposamena onartzeagatik.

Karguak

2011n Laborantza eta Jarduera Anitzeko sailen lehendakaritza eta 2012an Laborantzako lehendakariordetza gorde omen diote lau kontseilari dituen LAB sindikatuari. Urtarrilaren 23an jakinaraziko dira ofizialki Kontseiluko karguen banaketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo