BERRIA Itxaro Borda 2009/1/15
EHLG
Larunbatean Euskal Herriko Laborantza Ganbararen besta gertatuko da elkartearen sortzearen laugarren urteburua, Gamarten. (...) Jendeak oro gonbidatuak dira alabaina, datorren urtarrilaren 29an EHLG auzitegitik pasatuko dela gogoan, Paueko laborantza ganbara ofizialak izena ebasteaz -ez izana hargatik- akusaturik.
Kapitalismoa oraindik ere pentsatzen dutenek lantegiak eta baserriak jende barik asmatzen dituzte, robotak denetan eta egitura latifundista kanpainetan. Ba al dakigu goseteak ukituriko mundutar miliarraren erdia laborariz osatua dela? Lurrak ez du ematen jadanik guztientzat, ekoizpenak ordain ditzakeen gutxiengo batentzat ausarki baino. Hemen berean nekazari anitz pobrezia neurriaren azpian bizi dira. Aski dugu herritarrekin hitz egitea horren baimentzeko.
EHLG taldeak laborantza iraunkorraren ideia hedatzen du Euskal Herrian, lekuan lekuko erabakitzea, globalitatea ahanzteke. Elkarte hori nahi lukete debekatu botereari hurbil izanez, transgenikoen orokortzea eta produkzioaren derrigor garatzea eskatzen dutenek, ereduak barreiatzen duen kutsaduraz axolatu gabe.