GARA > Idatzia > > Kultura

Sorginkeria eta misterio femeninoa xibiouz marka garaztarraren jantzietan

Donibane Garaziko Xibiouz arropa markak bilduma berria aurkeztu zuen ostiralean Baionako Kalostrape tabernan, «arina, koloretsua eta dibertigarria». Udazkeneko eta neguko bildumarekin batera Internet bidezko irrati berria ere aurkeztu zuten Xibiouz unibertsoa mundura zabaltzeko.

p056_f01_70x148.jpg

Idoia ERASO

Grafismoa sortzen duen sorginaren izena hartu, eta bere munduari jarraiki Donibane Garaziko Xibiouz arropa marka bere unibertsoa munduan zehar zabaltzen ari da. Jantziak nazioartean saltzen dituzte 180 saltoki ezberdinetan, eta orain Internet bitarteko irrati berriarekin «gure delirioa zabaldu nahi dugu» azaldu zuen markaren sortzailea den Sylvie Doxaranek. Sorgina presente bilakatu nahi dute; «gure arropetan sorginaren alderdi femeninoa eta misteriotsua garatzen dugu». Xibiouz arropa marka bat da, baina sortzaileak azaldu zuenez, legez haratago joaten den ideia bat ere bada: «Mundu bat da, unibertso berezi bat, gure nahiak eta bizitza ikusteko modua islatzen dute».

Filosofia guzti hori beraien diseinuak sortzeko momentuan transmititzen zaizkie arropei, sorkuntza prozesu oso baten barnean. Hitz hauekin azaldu zuen prozesua sortzaileak: «Lehenengo ideia bat bilatzen dugu, gai orokor bat, eta ondoren istorio bat idazten dugu horren inguruan. Gauza eta istorio dibertigarrietan lan egiten dugu. Ondoren delirio hori kamiseta eta arropen gainean ezartzen saiatzen gara».

Jardunbidea azaltzeko, Baionako gaualdian, desfilea aitzin, bideoa ere aurkeztu zuten «xibiouztarrek». Ondoren denboraldiko arropen desfile dantzatua aurkeztu zuten. Izan ere, desfilea baino zerbait gehiago eskaini zuten: Orteseko dantza eskolarekin batera koreografia bat sortu zuten, bildumako ideien isla. «Gure bilduma oso arina da, material arinak erabiltzen ditugu arropa batzuk besteen gainetik jarri ahal izateko», jakinarazi zuen Doxaranek. Koloreei buruz ere aritu zen: «Oso koloretsua da, gure grafismoak, beste bildumekin alderatuta, ezberdinak dira; dibertigarriak izaten saiatu gara».

Modaren unibertsoan, kanpora begira egon dira beti Xibiouzeko sortzaileak. Sylvie Doxaranek Parisen prêt-a-porter arropa egiten zuen enpresa batean lan egiten zuen, baina herriminari erantzunez sorterrira bueltatu zen eta bere senarrarekin batera euskal arropa marka sortu zuen. Egun bost komertzial, bost langile eta bi dendari dituen enpresa dago Donibane Garazin. Pariseko garaiak baliatuta senar-emazteak azokaz azoka ibili dira. Orain ere Pariseko nazioarteko saloi garrantzitsuenetakoa den «Who's next» erakusketara joanen dira, Euskal Herriko modaren tokia geroz eta handiagoa dela erakutsiz.

Arropetan islatzen da, baina munduari zabaltzeko beste modu bat ere atzeman du sorginkeriak: Internet. Web orrialdearekin ez omen zuten aski eta orain web irratia ere sortu dute, radiosoubiouz.com-ekin. «Xibiouz mundua hedatu nahi izan dugu, gure delirioak han-hemenka zabaltzeko», adierazi zuen Sylvie Doxaranek. Sorgin garaztarra hedatu nahi dute: «Donibane Garazin gauza asko gertatzen dira eta kanpoko mundura hemen gertatzen dena zabaldu nahi dugu. Irratiko webeko bideoetan gu bezalako jendea agertarazi nahi dugu».

Garazitik mundura, baina kanpokoak integratzeko asmoa ere badutela nabarmendu zuen diseinatzaileak: «Guk asko bidaiatzen dugu eta jende asko aurkitzen dugu; kanpoan ikusten ditugunak eta bizi ditugun esperientziak ere islatu nahi ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo