GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

KRONIKA Arnaldo Otegiri elkarrizketa GARAren X. urteurrenean

Otegik ilara luzea eragin du atarian eta txalo zaparrada beroak barruan

GARA egunkariak jaio zen unean bezala ospatu zituen atzo betetzear dituen hamar ur- teak, herritarren babesarekin. Makina bat lagun bertaratu zen Donostiako Kursaalera, herritarrak Arnaldo Otegiren elkarrizketaren testigu eta protagonista bilakatuz. Bi ordu lehenagotik ari zen jendea, atea noiz irekiko zain.

p006_f01.jpg

p006_f02.jpg

p006_f03.jpg

Oihana LLORENTE

Irudi ederrak bata bestearen atzetik agertarazten zituen pantailaren aitzinean aritu zen Otegi hizketan. Azkar igaro ziren elkarrizketak iraun zituen bi ordu luzeak eta, tarte horretan, prozesu negoziatzailearen gorabeherez, polo soberanistaren gainean eta mundu mailako hainbat gertakariren inguruan jarri zuten hizketan bere elkarrizketatzaile izan ziren Carmen Lira mexikarrak, Giuliana Sgrena italiarrak eta Iñaki Iriondo eibartarrak.

Hainbat barre algara ere sortarazi zituen elgoibartarrak borroka armatuaren gainean zuen iritzia plazaratzera gomitatu zutenean edota EAJren jardunbidea hitz gutxitan azaltzeko galdegin ziotenean.

Sartzeko irrikaz bildutako jendetzak eta harrera egin zion txalo zaparradak argi frogatu zuen Otegi militante eta pertsona maitatua dela herri honetan. Bere hitz jarioak txalo ugari jaso zituen mintzaldi osoan zehar, baina bereziki txalotua izan zen une bat izan zen: ezker abertzalea osatzen duten gizon emakumeengatik sentitzen duen harrotasuna azaldu zuen unea. Herritarrek hunkiturik egin zioten txalo Arnaldo Otegiri.

Kursaaleko Ganbara Aretoa txiki gelditu zen GARAk Arnaldo Otegirekin antolatutako forumera hurbildutako jendetzari harrera egiteko. 750etik gora lagun ahalegindu ziren ezker abertzaleko militantearen hitzak entzuten, baina denak ezin izan zuten aurrez aurre ikusi; horrenbestez, areto kanpoan jarritako pantailekin konformatu behar izan zuten batzuk. Interneten bidez ere zabalpena izan zuen elkarrizketak, bi kazetariren eskutik: Facebook sarearen bidez eman zuten horren berri, 140 karakterretako esaldien sistemaren bidez eta hiru hizkuntzetan: euskaraz, gazteleraz eta ingeleraz. «Periodismo en acción», Otegiren hitzetan.

Goiztiar ibili ziren herritarrak, lehenak hamarrak jo orduko zeuden-eta Kursaaleko atea noiz irekiko zain. Hondarribiko gizon eta emakume koadrila bateko kideak izan ziren txanda hartzen lehenak, baina ez zuten itxaronaldia bakarrik igaro, minutuak aurrera joan ahala Zurriolako zubi erdialderaino luzatu baitzen ilara.

Gazteren batzuk ikus bazitezkeen ere, emakume zein gizon helduak ziren nagusi lerroan. Atzera begira jarri eta amaiera begiztatzerik ez zutenean, barre egiten zuten Otegik sortzen duen «ikusmina» dela-eta.

Pasieran zenbiltzan donostiarrek ere harriduraz begiratzen zuten zubian barna luzatzen zen ilara eta ekitaldira hurbildu ziren komunikabideei Kursaalen zer ote zegoen itaundu eta itaundu aritu ziren.

Irekiera ordua iritsi bezain pronto pasatako hotza ahaztuta sartu ziren herritarrak. Hiru besaulki urdin zituen agertokian azaldu zen orduan GARAko zuzendari Josu Juaristi, bildutako herritarrei harrera egiteko. Denboran atzera egin eta 1999 urtean kokatu zen azkoitiarra, urte hartako uztailean, hain zuzen ere. Garai horretan, armaz jositako polizia espainolek ``Egin'' egunkariari ahotsa kendu ziotela ekarri zuen gogora Juaristik; zazpi hilabete «erdi zoraturik lanean eman ondoren» ordea, orain hamar urte, GARA egunkaria errealitate bilakatu zela nabarmendu zuen. Alta, egunkaria «hamar mila euskal herritarren babesari eta bultzadari» esker jaio zela ez du ahaztu zuzendariak eta hori egunero «oso presente» duela ere aitortu zuen. «Horrek ematen digu hauspoa eguneroko lanean», nabarmendu zuen.

Herri honek behar duen berria

GARA ``Egin'' egunkariak utzi zuen hutsune informatibo, periodistiko eta komunikatiboa «bete eta aberasteko bokazioarekin» jaio zela ere gogoratu zuen Juaristik, eta lehen eguneko editoriala ekarri nahi izan zuen gogora. Horrela zioen Mertxe Aizpuruak sinatutako lehen editorial horrek: «Proiektu oro baldintza berdinetan defendagarria dela uste dutenen ahotsa izateko bokazioz jaio gara. Gure aburuz, etorkizunaren gaineko azken erabakia herritarrengan dago eta erabaki hori Estatu espainol zein frantsesak errespetatu beharrekoa da».

Kazetaritzaren balioa aldarrikatzearekin batera, GARAk«herri honek nahi eta merezi duen portada eta berri hori emateko grinaz eta irrikaz» lan egiten duela esan zuen Juaristik. Egun horretan atzoko gonbidatua, Arnaldo Otegi, lehenengo lerroan izango dela aurreikusi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo