Bilbon Mahmud Darwish poeta palestinarra omenduko dute errezitaldi batekin
GARA | BILBO
Bilboko San Frantzisko auzoko Udal Liburutegiak Mahmud Darwish poeta palestinar zendu berriaren omenezko ekitaldia egingo du gaur. Deustuko Unibertsitatean laguntzaile gisa dabilen Hithem Abdulhaleem psikologo palestinarrak eta Ait El Bouhali Bouchra errezitatzaile marokoarrak parte hartuko dute, Darwishen «Arrosa gutxiago» liburuko poema batzuk gaztelaniaz eta arabieraz irakurriko dituztelarik. Errezitaldia 19.00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da. Mahmud Darwish (Galilea 1941 - Houston 2008) arabierazko idazlerik garrantzitsuenetakotzat jotzen da, baita Palestinako poeta nazionaltzat ere, haren poesiaren konpromisoa gogoan hartuta. Haren lana Palestinako kontzientzia poetikotzat jotzen da.
Salaketa poemak
Darwish Galilean jaio zen, eta Israelgo Armadak bertatik kanporatu zuen bere sendiarekin batera. Haren poemarik ezagunena, «Nortasuna» izenekoa, arabiar munduaren ereserki bilakatu zena, agintari israeldarrek palestinarrei sinarazten zieten inprimaki batean oinarrituta dago. Poetaren izena historiarekin lotuta azalduko da beti, Palestinaren Independentziaren Adierazpena idatzi baitzuen 1988an.
Haren poemak Ekialde Hurbileko egoera politikoaren salaketa argia dira eta arabiar tradizio poetikoa eraberritzen lagundu dute, errealismo metaforikoa deritzonera hurbilduz. Bere ibilbide luzean, nazioarteko sari ugari jaso zituen, hala nola Estatu frantseseko Arte eta Letren Zaldun-ordenaren domina eta Herbehereetako Klaus Printzea saria. Bilboko San Frantziskoko Udal Liburutegiak auzoko aniztasun etniko eta kulturala islatzen duen materiala biltzera bideratu ditu funtsetako batzuk.