GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Urbinako atxilotuak aske, Lakua gorabehera

Larunbatean Urbinan gertatutakoak Lakuako Gobernuak AHTren kontrako borroka kriminalizatu nahi duela baieztatzen du. Zalantzak zituztenez, han atxilotutako zortzi lagunen txostena Madrilera bidali zuen Barne Sailak, Auzitegi Nazionaleko epaileak ez dela «terrorismo kasua» iritzi eta atzera Gasteizera bidali bazituen ere. Lege Antiterrorista eta ildo bereko prozeduren kontra agertu izan da Lakua; hala ere, horiek baliatzeko joera du. Izan ere, ez da atzoko jokaera izan duen lehen aldia. 2006ko martxoan 3an, Gasteizko langileen sarraskiaren urteurrena zela-eta egin zuten manifestazioan Ertzaintzak atxilotu zituen lagunen gaineko eginbideak ere Madrilera desbideratu zituen Barne Sailak. Auzi hura ere Gasteizera itzularazi zuen Auzitegi espainolak, ez baitzuen «terrorismoa goratzerik» sumatu. Lege Antiterroristaren edo Alderdien Legearen aurka eta, beraz, «terrorismo» delitua zentzurik gabe zabaltzearen aurka agertzen den gobernu berak behin eta berriz ikusten du delitu hori herri mugimenduan. Ez du aski larunbatekoa bezalako ekitaldi baketsua indarrez eragozten saiatzea. Eta, Alderdien Legearen aurka agertu ondoren hura baliatzen duen era berean, Lege Antiterrorista salatuta ere, hainbat euskal herritar haren eraginaren pean ezartzen saiatzen da, akusazio larriak egotzita. Urbinako atxilotuak, gaizkile arriskugarri horiek, aske atera ziren atzo arratsaldean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo