Oier eta Ainhoa Zubizarreta, Sabin Mendizabal eta beste bost sinadura | Soraluze
Beste behin ere, lurrak berreskuratuz AHT Gelditu!
Hasteko eta behin, zorionak eta eskerrak, «Lurrak berreskuratuz AHT gelditu!» lelopean Urbinatik abiatuta larunbatean burutu genuen martxara hurbildu zineten guztioi. Eta besarkada bero bat egun horretan zauritu eta atxilotuak izan zineten guztioi.
Lau mila lagun inguru batu ginen azken bi urteotan burutzen ari diren txikizioa bertatik bertara ezagutzeko, behinola nekazal lurrak izan zirenak eremu antzu nola bihurtu dituzuen ikusteko. Urbinatik Minaora bidea egin genuen. Adin guztietako jendea zegoen, gazte, heldu, nagusi baita besoetako umeak ere.
Desobedientzia ekintza baketsu bat zena sarraski bihurtu zenuten. Gizalegerik gabeko morroi armatuak guri jalgi zitzaizkigun. Halere, tinko jarraitu genuen behin eta berriz era baketsuan. Une oro gure jarrera erabat baketsua zela argi utzi arren, morroi armatuek ez zuten kasurik egin. Izugarrizko sarraskia eragin zuten distantzia laburrera beraien armekin pilotak jaurtikiz, eskura zuten edonor borraz gogorki jipoituz. Hor izan ziren lehen zauritu larriak eta lehen atxilotuak.
Beste ordubete pasata, Urbinarako bidea hartu genuen. Baina ordura arte erakutsitako tinkotasun eta duintasunak guk uste baino min handiagoa eragin zizueten. Amorruz eta itsukeriaz basakeriaren bigarren zatia abiatu zenuten.
Makina bat izan ziren zaurituak, baita «erretenituak». Horrekin guztiarekin nahikoa ez, eta Luku eta Urbinako herritarrak ere zigortu nahi izan zenituzten, beraien etxeetan sartuz eta bertatik makilakadaka ateraz, beraien etxeak zuen oldarraldietatik ihesi zetozenei ireki zizkietenei mehatxu eginaz eta joaz, Urbinako herri batzarraren biltoki dena inguratu eta bertan zegoen jendea atera eta atxilotuz. Ondo gogoan duzue, herri hau, Urbina, izan zela herri galdeketa bidez bere ahotsa ozen eta garbi «AHTrik ez!» esanez entzunarazi zuena, eta zuek ez duzue barkatzen inork zuei men ez egitea.
Mezu bat helarazi nahi izan diguzue: zuen interesen aurka borrokatzen garenoi egurrez erantzungo diguzuela. Ezin duzue jasan zuen kolpe eta bortizkeriaren gainetik, guk tinko eutsi eta duintasuna mantendu izana. Ez da zaila ulertzea diruak ustelduta ez dagoenarentzat, bihotza porlanez beterik ez duenarentzat: Gure bihotzek horrela diotelako, handiagoa baita berauek sentitzen dutena sarrarazi nahi diguzuen beldurra baino.