Jon Lizarribar presoak zazpi kilo galdu ditu dagoeneko gose greba dela-eta
GARA |
Jon Lizarribar preso politiko urnietarrak jadanik zazpi kilo galdu ditu, duela hamaika egun hasitako gose greba mugagabearen ondorioz, amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu duenez. Atzo beren hurbilekoei adierazi zien ondo aurkitzen dela, nahiz eta nekatuta dagoen aurrera eramaten ari den borrokaldiagatik.
Jon Lizarribar Toulongo espetxean dago, ezarritako zigorra heldu den otsailaren 4an beteko du, eta Gobernu frantesak kanporatuko duela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak, «atxilotua eta torturatua izateko arrisku larrian jarriz».
«Gobernu frantsesak euskal preso eta iheslari politikoen kontra erabiltzen duen prozedura bidegabea da, prozedura judizialetik kanpo dagoena eta inkomunikazioa zein torturaren kontrako bermeak saihestea bilatzen duena» adierazi du, alde horretatik.
Torturatzeko arriskuan
Amnistiaren aldeko mogumenduak nabarmendu du Lizarribar «torturatua izateko arrisku larrian» dagoela, izan ere, azken hiru hamarkadetan zazpi mila euskal herritar baino gehiagok pairatu baitituzte torturak. 62 lagunek salatu zituzten torturak 2008an,.
Urnietako presoak, «beste edozein euskal herritar, preso zein iheslari bezala, Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea duela» gaineratu du, eta, hau aldarrikatzeko, eta kanporaketak salatzeko, gaur arratsaldean, eta ostiralero, elkarretaratzea egingo dute Urnietako San Juan plazan, 20.00tan.
Beste alde batetik, Auzitegi Nazionalak, ETAri laguntzea leporatuta epaitua izan zen Ana Lopez, errugabe jo zuen atzo. Lopez Londresen atxilotua izan zen 2007an, eta duela egun batzuk askatzeko agindu zuen epaileak, epaia eman aurretik.
Euskal presoen alde, atzo Eibarren 70 lagunek elkarretaratzea egin zuten. Burlatan 60 pertsona bildu ziren, Iruñeako Arrosadia auzoan 50, Donibanen 40, Iturraman 62 eta Txantrean 45.