GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Gonzalez Gonzalez arituko da Elxen aurkako partidan

Lillok ez du oso umore onez hartu epailearen aukeraketa

Zuri-urdinek aurten Albaceteren eta Eibarren aurka jokatutako norgehiagokak Gaztela eta Leongoaren esku egon dira, eta bietan eztabaida egon da.

p035_f01_97x160.jpg

GARA | DONOSTIA

Askotan protagonismorik eman nahi ez zaion pertsonaia atera zuen atzokoan Juanma Lillo Realeko entrenatzaileak jendaurrera. Izan ere, talde zuri-ur- dinaren eta Elxen arteko norgehiagoka Gonzalez Gonzalez epailearen esku egongo da larunbatean Anoetan.

Astero komunikabideen aurrean ematen duen prentsaurrekoan ikusi ahal izan zenez, tolosarrak ez zuen oso umore onez hartu epailearen aukeraketa. «Magia ikuskizun batera joatea bezala izango da. Ikusiko dugu oraingoan zer asmatzen duen. Batzuek Albaceteren gola legezkoa zela esaten dute, baina ondoren Mallorca eta Sevilla gauza berberarengatik kexatu egin dira», adierazi zuen Lillok.

Realeko entrenatzailearen haserrea ulertzeko denboraldi honetako bi partidetara jo beharra dago. Izan ere, Gaztela eta Leongo eskolako epailea zuri-urdinek Albaceteren eta Eibarren aurka jokatutako neurketetan epaile izan da. Lehenengoan, punturik gabe geratu ziren gipuzkoarrak aurkariek luzapenean eskuratutako gol bategatik. Bestalde, Eibarren kontra, Diaz de Zerio aurrelari donostiarraren lesio larria zela-eta, eibartarren atezaina zigortu gabe utzi zuela kexatu ziren Realeko jokalariak eta jarraitzaileak.

Dena den, bere taldea kaltetua izan zen partidengatik, entrenatzaile gipuzkoarrak ez duela ordainik nahi azpimarratu zuen, eta epaileek dituzten hutsegiteak «zerbait ikusi ez dutelako» izatea eskatu zuen, eta ez «beste arrazoi batzuengatik».

Epailearen gaiari amaiera emateko, ironiaz mintzatu zen tolosarra: «Ordaindu egin beharko zaio, bost partidatik behin etortzen baita».

Abreu deialdian sar liteke

Prentsaurrekoan Lillok Realaren jokalari berriaz ere hitz egin zuen. Tolosarraren ustez, Sebastian Abreu fisikoki oso ondo dago, eta larunbateko deialdian sar liteke jokalari uruguaiarra.

Bestalde, entrenatzaile gipuzkoarraren esanetan, jokalaria Realera «egina» dago, baina arazoa «taldeko gainerako jokalariak haren jokora egitea» izango dela aurreikusi zuen.

Abreu Uruguaiko selekzioko bigarren goleatzailerik handiena da. «Oso zorrotza da bere buruarekin eta ondokoei ere asko eskatzen dien jokalaria» dela adierazi zuen Lillok. Honez gain, berarekin Realak alderdi askotan hobetuko duela aipatu zuen.

GONBIDATUA

Urrezko Danborra irabazi duen Iñigo Olaizola Donostia Cup-eko zuzendaria gonbidatuko du Realak larunbateko partida palkotik ikusteko. Hiritar merezimenduaren dominak jaso dituzten herritarrak ere bertan egongo dira.

ELX

Aurkariak jokaldi bakoitzean erabiltzen duen intentsitatea eta bertikaltasuna nabarmendu zituen Lillok. David Fuster goleatzailea tartean dela bolada onean dagoen talde baten aurka arituko da Reala.

«Baloiarekin konfiantza berreskuratu dugu»

Igoera postuak oso gertu ditu Realak, baina hiru puntuak lortzea besterik ez du buruan Juanma Lillok: «Sartzen bazara, askoz hobeto. Garrantzitsuena irabaztea da, ondoz ondoko zenbait garaipen lortzea, oraindik gauza askorako denbora geratzen baita», arrazoitu zuen entrenatzaile tolosarrak. Horrela, Reala bide onean ikusten du. «Taldea baloiarekin gero eta segurtasun eta ziurtasun gehiagorekin dago. Baloiarekin konfiantza berreskuratu dugu», nabarmendu zuen gipuzkoarrak.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo