GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Zinegoak jaialdiaren aurtengo edizioa hilaren 30ean abiatuko da, «Ander» lanaren aurkezpenarekin

Gay-lesbo-trans zinemaldiaren VI. ekitaldia hilaren 30etik otsailaren 7a bitartean ospatuko da Bilbon. Aurten film, egun eta areto gehiago izango ditu gainera. Berlinalen izango den «Ander» lana da aurtengo harribitxia.

GARA | BILBO

Zinegoak jaialdiaren VI. edizioa, hots Gayen, lesbianen eta transexualen Bilboko nazioarteko zinemaldia, urtarrilaren 30etik otsailaren 7a bitartean ospatuko da. Atzo jaialdiaren aurkezpenean azaldu zutenez, datorren ostiralean, urtarrilaren 30ean, 20.00etan egingo da inaugurazio ekitaldia Arriaga antzokian. Bertan, aurtengo edizioko lan aipagarriena ikusteko aukera egongo da, Roberto Caston-en «Ander» filmaren aurkezpen ofiziala egingo baita. Lan hori, jaialdiaren zuzendariak berak egindakoa, Berlinaleko 59. edizioan estreinatuko da, baina horren aurretik Bilboko publikoak izango du ikusteko aukera.

Antolatzaileek adierazi zutenez, aurtengo edizio alderdi askotan hazi da. Horrela, proiektatuko den film kopurua asko igo da. Guztira 111 pelikula -horietatik 82 lehiaketan egongo dira- ikusi ahal izango dira, tartean Europa eta nazioarte mailako zenbait estreinaldi. Jaialdiaren iraupenak ere gora egin du, zazpi egunetik bederatzira luzatu baita.

Ohiko emanaldi aretoei -Arriaga antzokiari, Capitol Zinemak, Bilborock eta Fnac-eko auditoriuma- lehendabiziko aldiz Guggenheim museoa batu zaie. Sari kopurua ere igo egin da. Lau sari ofizial izango dira: Fikziozko film luzerik onena, film dokumental luze onena, publikoaren saria fikziozko edo dokumental film laburrik onenari, eta Lesbianismo eta Genero Saria. Lau sari horiez gain, hiru sari berri ez-ofizial ere banatuko dira: fikziozko film luzearen gidoirik onena, fikziozko film luzearen antzezpenik onena eta gazteriaren saria film labur onenari; bakoitza elkarte baten eskutik.

EDIZIO ZABALAGOA

Hainbat alderdiri dagokionez, aurtengo jaialdia aurrekoak baino zabalagoa izango da. Egun gehiago iraungo du, film gehiago egongo dira ikusgai eta sari berriak ere banatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo