GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Enplegu eskasa edo enplegurik eza

Gobernuek eta patronalek beraiek krisi ekonomikoaren ondorioak batez ere enpresek jasan behar dituztela ikusarazteko joera badute ere, aldi baterako edo behin betiko kale gorrian gelditzen direnak langileak dira. Hego Euskal Herrian 21.000tik gora langilek jasan dute 2008an eta aurtengo lehenbiziko 15 egunetan onartutako enplegu erregulazioen eragin latza, atzo Lakuako Gobernuko Lan sailburu Joseba Azkarragak jakinarazi zuenez. Haren arabera, espediente gehienek aldi baterako lana kentzea ekarri dute eta %10ek kontratua deuseztea. Eta ez dirudi azken urteko datu txarrek aurten hobera egingo dutenik, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak, Cebek-ek, atzo iragarri zuenez, aurten enplegu erregulazioen fluxua indartsua izango da-eta.

Krisiari aurre egiteko neurri nagusia bankuak eta enpresak diru publikoarekin laguntzea da, baina datu horiek, krisiaren ondorio gordinenaren zenbaki horiek, langileei dagozkie. Izan ere, batzuek enplegu erregulazioen ondorio zuzenak jasaten dituzte eta beste batzuek -zenbaitetan langile «garestiak» bota eta «merkeak» kontratatzearen ondorioz- gero eta enplegu eskasagoa; orain artean ere eskas askoa bazen ere. Eta ezagunak dira horren ondorioak. Atzo beste langile bat hil zen Santurtzin, langile azpikontratatu bat, hain zuzen. Eta lan istripuek, egoera honetan, beste gogoeta bat iradokitzen dute: krisiari aurre egiteko horrenbeste diru publiko ekimen pribatura bideratzen den honetan, harrigarria gertatzen da enpresek segurtasun neurriak betearazteko behar adina ez bideratzea, harrigarria krisirik ez dagoenean ere ez zaizkiela enpresei Lan Arriskuei Aurrea Hartzeko Legea betetzeko inbertsioak exijitzen.

Lakuako Lan sailburuak atzo esan zuenez, enplegu erregulazioen %92 sindikatuekin adosten dituzte enpresek. Horren erakusgarri da Gasteizko Mercedes-eko zenbait sindikatuk eta enpresaren zuzendaritzak atzo sinatu zuten akordioa. Sindikatuek langileen interesak defendatzeko dituzten ereduak desberdinak dira, eta adostasun falta horretaz ere baliatzen dira enpresaburuak. Eta instituzioen defentsarik gabe, egitate hori langileek ere kontuan hartzeko modukoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo