Kepa Bilbao: «Musikan ari garenon gehienok Peter Pan konplexua dugu»
Oharkabean hamar urteko ibilbidea beteko du aurten Ezkerraldeko Zein? taldeak. Merkatuko lege eta epeetatik kanpo, «Sei ehun eta bi» eta «Photograma» Metak zigiluan plazaratu ostean, laukoteak «Ahari Talka» hirugarren lana kaleratu zuen joan den urtean Noizpop diskoetxean. Beste zeregin batzuetan murgilduta, egun isil-isilik dugu Ama Say itzuli berriekin musikariak partekatzen dituen Zein?, baina oholtza gainera berriro igotzeko irrikatzen.
A. BILBAO | BILBO
«Ahari Talka» lan bikainaren berri izan nahian, Kepa Bilbaorekin hitz egin dugu, alabatxo bat izan berri duen taldeko abeslari eta kantu egilearekin.
Taldeak hiru urte behar izan ditu lan berria atontzeko. «Urte eta piku pasa genuen «Photograma» azken lana zuzenean jotzen, zerbait berria egin behar dugu esateko momentua heldu zitzaigun arte. Abestiak eta abestiak egiten hasi, eta beste urtebete eman genuen, hogeita hamar inguru osatzeraino. Orduan erabaki genuen prest geundela lan berri baterako».
Xanpe lagunaren Koban sartu ziren gero, lana grabatzera. «Sei hilabete eman dugu bertan lana prestatzen. Amateurrak gara eta luxua izan da guretzat behin eta berriro gauzak grabatu eta nola grabatu pentsatzen aritzea, gauzak nola egin pentsatzeko denbora hartu nahi genuen-eta. Luze eman genuen estudioan eta hortik lana plazaratzera, lauzpabost hilabete baino ez ziren igaro. Badirudi nahiko denbora eman dugula lan batetik bestera baina gelditu gabe ibili gara».
Xanpe, teknikaria, «hasieratik dabil gurekin, eta Zein? taldeko beste kide bat da». Gainera, «diskoa osotasunean geurea izatea nahi genuen, lagunartean sortu eta geure eskuekin egindako zerbait izatea».
Izenburuari dagokionez, «Gontzalen kontua izan zen «Ahari Talka», beti ari garelako talka, horma baten kontra edo. Gainera, oso gustuko genuen bi ahariak parez pare eta elkarren kontra talka egiteko zorian airean dauden unea, guretzat oso poetikoa da».
Ipurterreak
Zalantzarik gabe, Ezkerraldekoen lan osatu, aberats, garbi eta zuzenena dugu «Ahari Talka». «Aurreko diskoak gordinagoak dira eta gure soinua landu nahi genuen, beste kutsu bat eman. Honetaz gain, nahiz eta gure abestirik rockeroenak lan honetan dauden, gu popzale amorratuak ere bagara, pop musika ere oso zuzena da, eta aurreko lanetan alde batera utzi genuenez, honakoan berreskuratu nahi izan dugu». Heldutasuna?, «ez dakit, azkenean denbora kontu bat da. Zure bizitzan makina bat gertaera daude, zu zeu moldatzen zaituzten gertaerak, eta egiten duzun musikan ere islatzen da hori. Gu ipurterreak izanda, gainera, soinuarekin esperimentatu eta alde berriak bilatzera eramaten gaitu horrek. Eta hitzak, zalantzarik gabe, egin ditudan pertsonalenak dira».
Lanak orain arte izandako oihartzunaz galdetzean, «murriztua baina izan du, eta erantzun ona izan dugu», esan du Bilbaok. «Begira, musika kontuan gabiltzanon %90ek Peter Pan-en sindromea dugu, nahiko geurekoiak gara, eta musika batez ere geuretzat egiten dugu. Hartzailerik badugu, primeran, baina azkenean barnean atera nahi dugun zerbait dugulako egiten dugu musika».
Egun, «eten biologikoan» aurkitzen da Zein? taldea, eta alabatxo jaio berriarekin bizimodu berrian murgilduta dugu Kepa. Alta, «guk jotzen eta kantu berriak egiten jarraitzeko asmoa dugu, eta bizpairu hilabete barru berriro oholtza gainean izango gara».
Ama Sayren itzulerak, beraz, ez du etengo anaia gazteagoen lana. «Gure anaia Topok (Ama Sayko abeslaria Bartzelonara joatean eten zuten azken hauek jarduna) lan dezente du hemen, Bilbon, eta sarri etorri behar izaten zuenez Ama Sayk bi urtetan hilean behin jotzeko asmoa du, baina guk ere geure kontuak egingo ditugu, ez dago dudarik». A. B.