The Beatlesen doinu ez hain ezagunak, The Smithereens-en ahotsetan
A. B. | BILBO
Kafe Antzokian behar zuen The Smithereens-ek. Azkenean, Bilborock aretoan izango dira baina. Aldaketarekin denok galtzaile garen arren, zorionez New Jerseykoen pop doinu bikainak entzuteko parada izango dugu biharkoan. Gainera, eta hastapenetatik maite izan dituzten soinuekiko leial, «B-sides The Beatles» dute azken lana, eta bertako kantuei esker Liverpool hiriko laukote zoragarriaren abesti ez hain ezagunak entzungo ditugu zuzenean.
Pat DiNizio abeslari eta gitarra-jotzaileak 1980an sortu zuen The Smithereens taldea, Jim Babjak (gitarra), Mike Mesaros (baxua) eta Dennis Dikenekin (bateria) batera.
Zuzeneko bikain baten jabe izatearen ospea izan arren, merezitako osperik jaso gabe isildu zen taldea milurteko bukaeran. Orain bueltan ditugu (baxuan Severo Jornacion dela), eta azken bi lanetan The Beatlesi gorazarre egin ostean estudioko lana plazaratuko omen dute martxoa aldera. Zuzenean Graham Parker eta The Kinksekin jotakoak dira eta estudioan Suzanne Vegarekin lan egin dute.
The City Lights seikoteak irekiko du gaua. Australiarrek «El Sol» (Bittersweet Recordings) bigarren lana aurkeztuko dute, orain lau urte plazaratu zuten «Escape from Tomorrow Today» debutaren ostean iaz plazaratua. Bira bukatu eta gero «Bloodied but Unbowed» izenburua eraman lezakeen hirugarren lana grabatzeari ekingo omen dio taldeak, aurreikusita duenaren arabera.
Data: Bihar, urtarrilak 24.
Lekua: Bilborock aretoa (Bilbo).
Ordua: 21.30ean.
Sarrera: 18/20 euro.