GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Mendiko eskia | Lehiaketak

Eskiak berotu dituzte han eta hemen

Italian jokatutako Munduko Kopako bigarren proba Laetitia Roux eta Florent Troilletek irabazi dute. Izaskun Zubizarreta 13. geratu da. Pirinioetan, berriz, Lionel Regis Saria jokatu da.

p044_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Mendiko eski lehiaketen garaia da, bete-betean. Egutegi oparo horretan, makina bat dira han eta hemen jokatzen diren norgehiagokak. Horietako bi dakarkizuegu lerrootara. Lehenik eta behin, Munduko Kopara begira jarriko gara.

Bigarren hitzordua Italian izan du, Albosaggian: Valtenllina Orobie lasterketa, hain zuzen ere. Behe-lainoa, hotza, haizetea... onetik baino txarretik gehiago izan zuen lehiak. Guztira, nagusien mailako 50 eskiatzaile, hamar selekziotan banatu zirenak. Eta aurrean, oso ibilbide elurtua eta erakargarria: teknikoa, gogorra eta askotarikoa. Igoera iraunkorrak, ertza zein korridoreetatik oinez igo behar izan zituztenak, jaitsiera aldapatsuak oso elur aldakorrean... ezinbesteko osagaiak eski alpinoko goi mailako lasterketa baterako.

Mutilen mailari dagokionez, irteera puntuan tentsio handia nabari zen; izan ere, lehen igoera oso aldapatsua zen. Kilian Jornetek, adibidez, foka larruekin arazoak izan zituen, eta denbora galdu zuen; zaplazteko ederra lehen proba irabazi zuenarentzat. Horretaz gain, aipatu behar da lehiaketaren bezperan eskiak hautsi zituela eta utzitako batzuekin ibili zela.

Italiarrak etxean ari ziren, eta hasieratik ikusi zen talde azzurra sasoiko zegoela. Lorenzo Holznezckek egundoko erritmoa jarri zuen lehen igoeran. Atzetik beste faborito batzuk izan zituen: Florent Troillet, Florent Perrier eta Jornet bera. Oso jaitsiera azkarra egin eta gero, Troilletek italiarra atzean utzi, eta lasterketa buru jarri zen. Bigarren igoeran, Jornetek berriro ere foka larruekin arazoak izan zituen, eta korridorera sartu aurretiko 50 metroak oinez egin behar izan zituen.

Hortik aurrera lehiak ez zuen aldaketa handirik izan, eta soilik azken jaitsiera tekniko eta zailean aldatu ziren postu batzuk. Helmugan lehena, beraz, Troillet izan zen, bigarrena Matteo Eydallin italiarra eta hirugarrena, Holznezck. Jornet gaztea, azkenean, bosgarren sailkatu zen.

Nesketan, bestalde, aurreko hitzorduan bezala, Laetitia Roux frantziarra erabat nagusitu zen. Goitik behera menpean hartu zituen lehiakideak, eta inolako arazorik gabe irabazi zuen. Lasterketa bikaina egin zuen gazte honek; adibide argi bat: Troilletengandik soilik 16 minutura heldu zen. Mireia Miro katalana bost minutu pasatxora helmugaratu zen; berriro ere bigarrena izan zen. Roberta Pedranzini hirugarrena geratu zen. Izaskun Zubizarretak ezin izan zuen lehen hamarren artean sailkatu, eta hamahirugarrena izan zen.

Lionel Regis Saria

Munduko Kopatik salto handia egingo dugu, Pirinioetara hain zuzen ere. Pasa den 18an, Cauterets-en antolatzen den Lionel Regis Sariaren XII. ekitaldia jokatu zen. Ohi den legez, euskal eskiatzaile askok parte hartu zuten proba honetan; hain zuzen ere, parte-hartzaile guztien erdia hemengoak ziren.

1.500 metroko goranzko desnibela zuen ibilbidea osatu behar izan zuten eskiatzaileek; guztira, lau igoera. Cauterets-eko eski-estazioan eman zen irteera, eta bertako lehen igoerak gainditu ostean, eskiatzaileek pistak alde batera utzi, eta inguruko bailaretan zehar jardun zuten.

Arazorik gabe egin zuten ibilbide guztia; soilik jaitsiera batzuetan elurra aldakorra zen, baina buruhauste bat baino gehiago sortu zuen horrek. Horretaz gain, 100 metroko aldapa tenteari aurre egin behar izan zioten kirolariek, eta, jakina, oinez igo zuten. Lasterkarien jardunari dagokionez, Wilfrid Jumere frantziarrak lehen igoeran argi utzi zuen sasoiko zegoela, eta tropela atzean utzi zuen. Jumere bera izan zen lehena helmugara iristen. Bigarrena, berriz, Mathieu Peyet, frantziarra bera ere, ia 3 minutura. Hirugarren, laugarren eta bosgarren postuak euskal eskiatzaileentzat izan ziren. Hirugarren postuan, Joseba Tobar 5 minutura helmugaratu zen; Iban Letamendi laugarrena geratu zen eta bosgarrena Aitor Otxoa izan zen. Nesketan, aldiz, Patricia Althapek irabazi zuen.

EGOERA ZAILAK

Italiako Albosaggia inguruan jokatu zen Munduko Kopako proba. Lainoa, haizea eta hotza izan ziren ezaugarri nagusiak eta ibilbidea ere ez zen batere erraza izan: igoera amaigabeak eta jaitsiera maldatsuak.

EUSKALDUNAK

Italian, Izaskun Zubizarreta 13. sailkatu zen. Cauteretseko Liones Regis proban, bestalde, parte-hartzaileen erdia euskaldunak ziren. Joseba Tobar, hirugarren helmugaratuta, izan zen horien artetik onena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo