GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Deien aste premiatsua

Azken egun hauetan Guantanamo hetsiko zutela zioten, demokraziaren itzultzea balitz bezala. Has gaitezen bertako Guantanamoak bukatzeko deiak zabaltzen, dei asko zabaltzen ari diren une honetan

Larunbat arratsaldea, arratsaldeko hiru eta erdiak, Parisen, Barbes auzoan, ehun bat manifestari, hemezortzi eta hogeita bost urte artekoak. Etorriak dira azaroaren hamaikako atxilotuen sostenguz sortutako kolektiboaren izenean, epaiketarik gabe urtebete preso daramaten gazte batzuen sostengatzeko. Gazte horiei polizia auto baten erretzea leporatzen zieten, eta ondorioz, lege antiterrorista pean dauzkate preso. Sostengu gisa aste oso bat antolatzea pentsatu zuten eta aste horren barnean ekintza desberdinak proposatzen zituzten, elkarretaratzeak, kontzertuak, ekintza arruntak, gazte horien delituak arrakalifika ditzaten, horiek Presidentetzarako hauteskundeen garaian gertatu zirelarik. Bildu bezain pronto, nahiz eta gutxi izan bilduak, ehun bat, zortzi furgoi hurbildu zitzaizkien, manifestaldiaren desegiteko tresnak botaz, zeuden karrika hetsiz eta denak atxilotuz. Urtarrilaren 31rako terrorismoaren kontrako legearen pean inkulpatuen sostenguan sortutako kolektiboek manifestaldia antolatzea erabaki dute.

Human Rights Watch erakundeak salaketak egin ditu gaur egun Frantziak daraman politika antiterroristari buruz. Sarean daukan gunean txosten bat aurkezten du, erranez, lege antiterroristapean froga gutxirekin aski dutela jendearen atxilotzeko eta preso igortzeko. Tratu txar fisikoak, psikologikoak, ordutan etengabeko itaunketak jasan behar dituztela. Sarkozyk terrorismoaren kontrako borroka ideien kontrako gudu gisa aurkeztu du. Gero eta jende gehiago atxilotzen eta kondenatzen dituzte legedi horren pean.

Azken egun hauetan Guantanamo hetsiko zutela zioten, demokraziaren itzultzea balitz bezala. Has gaitezen bertako Guantanamoak bukatzeko deiak zabaltzen, dei asko zabaltzen ari diren une honetan.

Izan ere, Eva Joly epaile ohiak bere kezka plazaratu du, instrukzio epailearen desagerpenak ekartzen dituen lerratzearen aukera salatuz, inpunitatearen arriskuaren indartzea ekartzen duelako. Sarkozyk egin nahi duen justizia erreformaren kontra altxatzearen deia egiten du gutun publikoan.

Deien deia. Urtarrilaren 31rako ere Parisen, osasun, justizia, heziketa, informazio eta kulturako profesionalek elkartzea proposatzen dute, hilabeteotan abiadura handian hartuak izan diren erreformen aztertzeko, aipatzeko eta erreakzioaren pentsatzeko. Kezka zabaltzen ari da eta Sarkozyren politikari erantzunik ikusten ez denez, bestelako elkartzeak antolatzen ari dira. Krisia gehitu baita egindako erreforma guztiei, eta agertzen dena da errealitate ekonomikoa okertzen ari dela, Sarkozyren boterea indartzen ari dela, handien inpunitatea agerian dela, Gobernuaren gastuak handitzen direla. Ezkerraren mugi ezinaren ondoan.

Urtarrilaren 29rako hilabete sari eta lanpostuen alde deitutako greba eguna sostengu handia lortzen ari da une honetan, frantses gizartea kezkatua da eta baliteke sindikatu anitzen eskutik deitutako mobilizazio egun hori oso arrakastatsua izatea.

Sarkozyren politikaren aurreko erantzun antolatu baten hasiera izan daiteke, etengabe erabaki liberalak eta errepresiboak hartzen dituela-eta. Bai beharrezkoa!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo