GARA > Idatzia > Kirolak > Bilbao Basket

Forjariek ikuskizun ederra eskainiz eman dute igandea

Banic, Salgado eta Lewisek gidatu zuten etxekoen garaipena, Asselinek gauzak zail jarri zituen arren.

p032_f01_199x120.jpg

BILBAO BASKET 97  

RICOH MANRESA 93

Arnaitz GORRITI | BILBO

Industriak garrantzia eskerga izan duen eremuak dira Bilbo eta Manresa. Behinola ez zen batere arraroa langileak uniforme urdin ilunaz lantegian sartu-irtenean ikustea eta, gaur egun ere, bada, izaera berezi hori oso errotuta dago bi eremuotan.

Langile izaera hori saskibaloi taldeetan ere nabarmentzen da. Aurrekontu txikiagoa izanagatik, taldearen sendotasuna eta defentsako lana dira bai Iurbentia Bilbao Basketen, bai Ricoh Manresaren ezaugarri nabarmenenak; haatik, atzo igandea zela-eta, bada, Bilboko eta Manresako forjariek uniformeak garbitzen laga zituzten eta, horren ordez, kalitatea sobera izan zuen neurketa jokatu zuten. Azken emaitza, 97-93, ez zen defentsa eskasaren ondorioa, baizik eta talde bien gaitasunaren erakusgarri, langile izaera ez baita kalitatearen antonimo.

Atzoko garaipenari esker -hirugarrena erreskadan-, bederatzigarren postura igo dira bilbotarrak, Ricoh Manresa eta Fuenlabradarekin berdindurik. Hala, liga erregularra amaitu arte aipatu talde hauek -baita Granadak eta Pamesak ere- egundoko borroka izango dute sailkapeneko zazpigarren zein zortzigarren postuak lortzearren, play offetan eta Europan jokatzeko txartela emango lukeelako horrek.

Bilbao Basket Vs Asselin

Nolanahi ere, Ricoh Manresaren aurka latz sufritu zuen talde bizkaitarrak. Josh Asselinen nola gelditu asmatu ezinik ibili ziren Vidorretaren mutilak eta, hala, aurreneko laurdenean 16 puntu sartu zituen pibot estatubatuarrak. Hala ere, beltzezko gizonek hiru puntuko desabantaila, 24-27, baino ez zuten aurreneko laurdenaren amaieran. Lewis eta Banicek hartu zuten etxekoen puntuak sartzeko ardura eta, bada, Manresakoak defentsa bigun xamarra egiten zutenez, nolabait eutsi zioten aldeari.

Etxekoen zorionerako, defentsa lanak ekarri zuen buelta. Asselin atseden hartzen ari zela aprobetxatuz, Vidorretarenek 10-0eko partziala lortu eta 37-36 jarri zuten markagailua. Amaiera arte ez zuten aurrea galduko.

Atsedenaldira 49-44 iritsi, eta bertotik bueltan Javi Salgadoren erakustaldia hasi zen. Santutxukoak aspaldiko partidarik onena jokatu zuen, bai jaurtitzen, bai baloia banatzen ere. Hala, hamar puntuko aldea hartu zuten etxekoek, 78-68, Reckerren hiruko bati esker.

Baina Asselin eta Montañezen lanak -eta kanpotarren defentsa gogortzeak- markagailua bospasei puntutan mantendu zuen azken laurdenean. Azkenean, urduritasunak urduritasun, bizkaitarrek igandea jai egun bihurtu zuten.

 
ricoh manresa
bilbao basket
sailkapena

Fuenlabrada eta Manresarekin berdinduz, bederatzigarren garaipena lortu zuen atzo Bilbao Basketek. Zortzigarren postuari begira borroka latza izango dute talde hauek, kanporaketetan eta Europan izateko aukera emango du-eta horrek.

Etxekoen poza, «baina» guztien gainetik

Defentsako lanari aitzakia dezente bilatu arren, gustura zen Txus Vidorreta partidaren ostean. Hala ere, «garaipen argiagoa» lortzea eragotzi zuten akatsengatik penatan azaldu zen.

«Neurketak defentsari esker atera ohi ditugun arren, partida hau ikusgarria izan da erasoari dagokionez. Entrenatzaileok `baina' asko jarriko dizkiogu gure defentsa lanari, baina erasoari dagokionez, neurketa bikaina izan da, batak zein besteak oso portzentaje onak lortu baititugu. Ziur nago ikusleek ederki gozatu dutela eta, tira, baita guk ere, irabazi egin dugulako. Hala ere, garaipen argiagoa lortzea izan genezakeen, eta ez da hala izan zenbait bolada txar kateatu ditugulako. Akats horiek zuzentzeko lan egitea dagokigu».

Asselinen defentsak sorturiko buruhausteak ere hizpide izan zituen Indautxuko entrenatzaileak. «Asselinen bideo dezente ikusi izan ditugu, baina Ibaka eta biak batera gaur -atzo- atera dira aurrenekoz. Noski, Ibakak barrurantz egin du eta Asselinek bospasei metrotatik egin ditu jaurtiketak. Hala ere, sekula baino gehiago asmatu du gure kontra, aurreneko zatian batez ere; eta horren aurka defentsa egitea ez da erraza».

ACB Liga alde batera lagata, Iurbentia Bilbao Basketek bihar bertan hasiko du Eurocup-eko Last 16 ligaxka. La Casillan Alemaniako Artland Dragons taldea izango du aurrez aurre, eta talde horri buruzko zenbait zertzelada eman zituen entrenatzaile bilbotarrak.

«Denbora gutxian partida asko jokatu behar dugu, baina talde osoa dugunez, ez dut uste arazorik izanen dugunik. Horrez gain, oso motibaturik jokatuko dugu, Fred Weis eta guzti, okerrik ezean. Artland Dragonsi buruz, berriz, esan behar urrutiko jaurtiketan oinarritzen duela bere jokoa. Beraz, beraien pibot jaurtitzaileekin kontuz ibili beharko dugu, Europan bikain ari baitira», esan zuen Vidorretak. A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo