Barricada taldeak ireki du txotx denboraldia Hernanin, jai giro paregabean
Atzo eguerdiko hamabietan txotx denboraldiari hasiera eman zioten Hernanin. Iruñeko Barricada taldeko kideak izan zuten lehen tragoa hartzeko ohorea, ekitaldiz gainezka zetorren jai egun paregabean.
GARA |
Txotx garaia hasi berri da Hernanin. Irekiera ekitaldia ospatu zuten atzo, 12:00etan, Gudarien plazan, eta Barricada talde iruindarreko kideak izan ziren gonbidatu bereziak, Enrike Villareal El Drogas abeslaria buru zutela. Ehunka lagun bildu ziren lehengo sagardo tragoa hartzeko desiratzen, izan ere, hernaniarrek urte osoan ilusio handiz itxaron baitute une hori.
Eguerdi ostean, musikari nafarrak izan ziren lehenak sagardoa dastatzen, Marian Beitialarrangoitia herriko alkatearen ongietorria jaso ostean. Ikusitakoaren arabera, musikariei asko gustatu zitzaien aurtengo denboraldiko sagardoaren zaporea. Taldekideak festara gonbidatzean, Hernaniko herriak Ibon Sagarna bateria-jotzailea omendu nahi izan zuen, jaiotzez hernaniarra baita bera. Gainera, ezin ahaztu Iruñeko taldeak azken hiru hamarkadatan lortu duen arrakasta ikaragarria.
Musikarien atzetik, herritarren txanda etorri zen. Han bildutako ehunka lagunek ilara luzeak egin zituzten sagardoa dastatzeko, eta jakina, urtero bezala, guztientzako adina izan zen. Giro paregabea egin zen bertan. Ekitaldira adin guztietako herritarrak inguratu ziren, txikienek artean sagardoa probatzerik izan ez zuten arren. Horiek zertxobait itxaron beharko dute Hernaniko sagardo goxoaren zaporeaz gozatu ahal izateko.
Geroxeago, Berria elkarteak, tabernariek eta Udalak antolaturiko egitarauan aurreikusitako kultur ekitaldien garaia iritsi zen, hala nola: txalaparta, trikitilariak, bertsolariak, musika, harri-jasotzaile eta aizkolarien erakustaldiak.
Hernaniarrek ez zuten atzo aspertzeko denborarik izan, are gutxiago esku batean sagardo basoa eta bestean hamaiketakoa izanik. Hori gutxi balitz, Incansables txaranga ospetsua herriko kaleetan barna ibili zen giroa alaituz.
Mikatz puntu batekin
Iragan ostegunean jaialdiaren antolatzaileek azaldu zutenez, eta atzo herritarrek egiaztatu ahal izan zuten bezala, denboraldi honetako sagardoak mikatz puntu bat dauka, aurten oso euri gutxi egin duelako. Gainera, beste ezaugarri bat ere nabarmentzekoa du aurtengo sagardoak, hain zuzen, 100%ean bertoko sagarrekin egina izatea. Horren arrazoia da 2008ko sagar uzta, beste urteekin alderatuz, benetan oparoa izan dela Hernanin, azken hamarkadetan bildutako oparoena.
Bestalde, aipatu behar da, txotx denboraldian sortzen diren eragozpenei aurre egiteko esfortzuak areagotuko dituela Udalak, besteak beste, kale garbiketa zerbitzuak eta garraio zerbitzuak areagotuz.
Behin Hernaniko txotx garaia hasita, Udalak eta tabernariek ekitaldi asko antolatu dituzte datozen hileotarako. Kale antzerkia, sagar lasterketa, dantzak eta umeentzako jolasak, besteak beste.