Aldarrikapenaren emaitzak
Amaia U. LASAGABASTER
Del Olmo, Toquero, Joseba Etxeberria, Gurpegi, Ustaritz, Etxeita... Denen artean 1.800 minutu ozta-ozta jokatu dituzte -Iraizozek 2.100 daramatza- denboraldi osoan zehar. Eginkizun zaila zuten atzo Almerian. Errodamendu eskasa, beraien artean jokatzeko ohiturarik eza, taldearen ibilbideak gorago jarritako eskakizun maila... Eta erantzuna aurreikusitakoa baino askoz hobea izan zen: jarrera bikaina eta jokoa, berez, txalogarria. Zoritxarrez, egindako aldarrikapenak ez zuen emaitzarik lortu. Atzokoan, behintzat. Joaquin Caparrosen eskuetan dago hurrengo asteotan emaitza bestelako izatea. Jokalari guztiengan sekulako konfianza duela maiz esan izan du entrenatzaileak; atzokoa ikusi ondoren, bere eskuetan du esandako hori demostratzea.