GARA > Idatzia > > Kirolak

Sokatira Euskal Herrikoa

Abadiñok oso erraz lortu du denboraldiko lehen txapela

Bizkaitarrak ziren faborito, eta aurkariei ez zieten aukerarik txikiena ere utzi. Amaiur izan zen bigarren.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Abadiñoko taldeak irabazi du Euskal Herriko Txapelketako lehen txapela. Gainera, Abadiñon bertan eman zioten hasiera lehiaketari, 640 kilotako finalarekin hasi ere. Abadiñok ez zuen hutsik egin, txapela jantzi baitzuen, eta aparteko arazorik gabe, antza.

Bizkaitarrek oso erraz lortu zuten garaipena, saioko tiraldi guztiak bereganatu baitzituzten, eta hala, amaieran txapela jantzi zuten. Bigarren postuan Amaiurrek amaitu zuen. Nafarrek ere lan bikaina egin zuten. Txapeldunekin galdu egin zuten, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituzten, eta urteari hasiera bikaina eman diete hauek ere.

Berdinketa

Hirugarren posturako berdinketa bat egon zen Ñapurrak eta Abadiño B taldeen artean. Bi taldeek galdu egin zituzten beren tiraldiak Abadiñoko lehen taldearen aurka, eta Amaiurren aurka ere bai. Uztaritzeri biek irabazi egin zioten, eta elkarren arteko deman, berriz, berdindu egin zuten, bakoitzak tiraldi bana irabazi baitzuen.

Amaieran, ordea, hirugarren zein geratuko zen erabaki behar eta, berriro ere elkarren arteko dema izan zen, eta orduan Ñapurrak taldeak ez zuen hutsik egin, eta Abadiñoko bigarren taldea mendean hartu zuen. Horrenbestez, hirugarren postuan amaitu zuen. Abadiñok bazuen podiumean bi taldeak sartzeko helburua, baina ez zuen lortu, nahiz eta betetzetik oso gertu ibili zen.

Sailkapeneko azkeneko postuan Uztaritze geratu zen, lapurtarrek ez baitzuten tiraldi bakar bat ere irabazi, eta garbi utzi zuten beste taldeen azpitik daudela, Abadiñok beste guztien gainetik dagoela erakutsi zuen bezalaxe.

Euskal Herriko Txapelketak datorren asteburuan izango du jarraipena, larunbatean Lesakan jokatuko baita 600 kiloko lehen jardunaldia. Pisu horretan hiru jardunalditako ligaxka izango dute, eta datorren asteburuan hasiko dira. Leku berean, Lesakan, alegia, emakumezkoek ere hasiko dute Txapelketa, 500 kilokoan. Pisu hori bakarrik izango dute emakumezkoek, eta hauek ere hiru jardunalditako ligaxka izango dute txapelduna erabaki aurretik.

Datorren larunbatekoak bete ostean, otsailaren 14ra bitarte atseden hartuko du Euskal herriko Txapelketak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo