Aizkora | Urrezko Lehiaketa Pilota
Iñaki Azurmendik eta Anjel Arrospidek irabazi, eta bigarren multzoko lehen postua bereganatu dute
J.L. | DONOSTIA
Anjel Arrospidek eta Iñaki Azurmendik lortu zuten atzo Urrezko Aizkorako bigarren multzoko lehen postua, Nazabali eta Mugertza II.ari irabazi ostean. Hala ere, bi bikoak izango dira finalerdietan.
Mallabian jokatu zen bigarren multzoko azkeneko jardunaldia. eta bertako bi bikoak finalerdietarako sailkatuta zeuden, baina multzoko lehen postua zegoen jokoan, eta Leaburukoak eta Arriarangoak lortu zuten hori, eta finalaren atarikoan Arriaren eta Rekondoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Nazabalek eta Mugertzak, aldiz, Larretxearen eta Atutxaren aurka jokatu beharko dute.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren, eta Etxarrikoa eta Mutrikukoa gailendu ziren lehen saio honetan, enborra 33 kolpetan erdibitu zutela, eta 38tan, Arrospidek eta Azurmendik. Bigarren lanean, txanda librean 60 ontzakoa zutik erdibitu behar zuten, eta hor bikote gipuzkoarrak irabazi zuen, 2.25 minutu izan zela beren marka, eta 2.28 aurkariena.
Hirugarren lanean, erlojuz kontra neurtu ziren, bakoitza 45 ontzakoarekin, eta bi bikoek denbora bera egin zuten, 1.25 izan baitzen bai bataren eta bai bestearen denbora. Laugarren lanean, 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda, eta berriro ere gipuzkoarrak izan ziren nagusi, 1.47ko denbora eginez. Bi segundoko tartea kendu zieten aurkariei.
Azken-aurreko lanean, berriz, 60 ontzakoa etzanda moztu behar zuten eta berriro ere Leaburukoa eta Arriarangoa gailendu ziren, 11 segundotako aldea ateraz Etxarrikoari eta Mutrikukoari. Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako zituzten lanerako, eta oraingoan Nazabal eta Mugertza nagusitu ziren, 9.15 denbora eginez. 9.19 izan zen, berriz, aurkarien denbora. Denetara, 19 minutu eta 25 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Azurmendik lanak bukatu ahal izateko, eta 19 minutu eta 32 segundo, berriz, Nazabalek eta Mugertzak.
Gazte mailako bi neurketa ere jokatu ziren atzo, eta lehenengoa Saralegik eta Olanok irabazi zuten, eta bigarrena, berriz, Larretxea lehengusuek. Dena dela, bi bikoak finalerdiak jokatzeko moduan izango dira.