Jazartzen ez omen diren ideiak atxilo
D3M plataformak, behar zituen sinadurak bilduta, bere hautagaitzak aurkeztu zituen atzo Hauteskunde Batzordeetan, PSOEren Gobernuak iragarritako legez kanporatze mehatxuaren pean eta bere hautagai bat eta ezker abertzaleko beste zenbait lagun espainiar Polizia etxe batean atxilo zeudela. Bitartean, Lehendakaritzarako zenbait hautagaik argi, argiago, utzi zuten hauteskundeak ez direla bitartekoa, helburua baizik. EAJko lehendakarigai Juan Jose Ibarretxek esan zuenez, Madrilek ukatu berri dien hori, eurek isiltasunarekin erantzun dioten hori, lortzeko helburua. Botoa eskatzeko motiboetako bat kudeaketa ekonomikoa izan zuen, «besteak okerrago daude» leloari eutsita, Lakuako Gobenuaren datuak ia bikoizten dituen langabeen goranzko kopuru ikaragarriari ezikusia eginda. Bakeaz ere hitz egin zuen, ETA desagertu beharra eta mehatxatuak «torturatu» gisa aipatuta, Euskal Herriak subjetu politiko izateko duen oztopo bakarra dirudienez.
Ibarretxe mintzo zen unean espainiar Poliziaren soto ilunen batean zeuden zortzi atxilotuek ez zuten aipamenik ere merezi oraindik lehendakaria denaren mintzaldian. Madrilgo Gobernuko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok, berriz, hizpide izan zituen bere hitzaldian ezker abertzaleko atxilotuak, zertarako eta bere Gobernuak ez dituela ideiak jazartzen esateko. Presidente espainiarrak Patxi Lopez PSEren hautagaiak Lehendakaritza iritsiko duen konfiantza agertu zuen, «Euskadik euskaldun guztiak aintzat hartzen dituen lehendakaria» nahi duelako. Madrilgo Gobernuak nahi duen lehendakari hori euskal independentistak instituzioetan egotea saihesteko modua aurkituko zutela iragarri zuena da. Euskaldun guztiak aintzat hartzeko modu bitxia, inondik ere, batzuen ahotsa kartzelatzen duena.
Eta «demokraziaren jairako» prestaketak aurrera egiten zuen bitartean, atzo gauean euskal gizarteko sektore handi baten eskubideak auzitegi berezi bateko ziegetan bahituta zeuden, jazartzen ez omen diren ideiak ezin direla defenditu -eta are gutxiago gauzatu- erabakita dagoela eta epaile batek haien ordezkariak jendaurrean agertzearen ausardiagatik zigortu edo ez erabakitzeko zain.