Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Idazleari lapurretan
Idazten dena eman egiten da, konpartitu, besteen gozamen edo onurarako. Geurea zena besteena bihurtzen da, norberaren ideia propioa izatetik besteen bizitzaren parte izatera pasatzen da, zelan edo halan besteak osatzen ditugu, onerako edo txarrerako
Bekaturik egingo dudan zalantzatan nago. Nikolai Vasílievich Gogol errusiarraren «Arima Hilak» irakurtzen nabil azken egunotan, gustura, satira artean barrezka, Gogolek erreformatu nahi zuen Errusiaren antzinako koadroa gozatzen, protagonisten izaerak eta motibazioak aztertzen. Zeuen buruari batzuek galdetuko diozue bekatua non dagoen; nahiz eta beste batzuek, ordea, bekatua modaz hain pasaturik dauden horrelako liburukoteak irakurtze hutsa dela sinisturik egon.
Kontua da, antza, liburu honek «bigarren parte» bat daukala, nik erositako edizioak segidan dakarrena, gainera. Hala ere, «bigarren parte» hori amaitu barik dago... Gogolek burua galdu eta esku-izkribuak erretzeari ekin ei zion hil baino hamar egun lehenago. Arrazoi sakonak edukiko zituen horretarako. Berdin da zenbaitek burutik jota zegoela baieztatzea, benetan gaixorik egon edota Jerusalemera egin zuen bidaiak burutik eginda utzi izana, esan gabe doa artista asko euren erokeria edo erotasun barik ez zirela artista izango. Hala ere, «zorionez», esku-izkriburen bat «salbatu» egin zen eta orain nik «bigarren parte» hori Nikolairen borondatearen kontra irakurri behar ote dudan dudatzen dut.
Idazten dena eman egiten da, konpartitu, besteen gozamen edo onurarako. Geurea zena besteena bihurtzen da, norberaren ideia propioa izatetik besteen bizitzaren parte izatera pasatzen da, zelan edo halan besteak osatzen ditugu, onerako edo txarrerako. Gogolen esfortzu eta esku-zabaltasun horren trukean, eman nahi eta eman nahi ez denaren borondatea gutxienez errespetatu beharko genuke. Eman nahi ez dena ez da benetan esan/komunikatu/helarazi nahi dena, idazleak ez du benetan bere sentitzen...
Sentipen berbera izaten dut hildako idazle, margolari eta abarren gutun pertsonalak nonbaitetik atera eta arakatzen direnean... fotokopiak egiteagatik kanonak aplikatzen dituzten horiek ez daukate batere erreparorik bizitza pribatuaren sudurra horrela sartu eta diru usaina atzematen dutenean.
Ohituta gaude testu liburuetan, literaturaren historia orrialdeetan horrelako «aurkikundeetara», errespetua ez da erakusten norbaiten gainean ahalik eta gehien jakiteko tematze horretan, horretarako hildako artista horren intimitate eta borondatea etengabean profanatzen baldin bada.
Honetaz gain, atentzioa egiten didan beste kontu bat literaturaren «espezialista» askok erabiltzen duten siglen ohitura eskasa da. Bizitza osoa berben atzetik, moldatzen eta birmoldatzen ematen duen lagunari bere izenaren berbak lapurtzea ez da legezko kontua. Izen eta abizen atzean letra huts eta hotzak paratzea lagun horren izana desagerrarazten du, nahiz eta batzuentzat oso «moderno» gelditu, nonbait.
Hasieran esan dut zalantzatan nengoela irakurri ala ez, eta tentazioa oso eskura neukala abisatu dut, liburuan bertan, alegia, segidan. Ba, artikulua idazten hasi nintzenetik gaur arte obra hau amaitu egin dut eta lehen erreflexua beste kontresan batekin bizitzera erresinatzea izan bazen ere, jakin dezazuen bostgarren orrialdera baino ez nintzela heldu... ez pentsa, ez da neure burua zoriontzeko ahalegina, Karamazov Anaiak irakurtzen hasia naiz. Horretan Dostoievski eta biok ados gaudela dudarik ez daukat.