GARA > Idatzia > Kirolak > Tenisa

Madrildar bat irabazle... Las Vegaseko kasinoan

p045_f02_777x777.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Australiako Irekian urtero urtero izaten da inork espero ez eta, ezustean, onenen artean sartzen den tenislariren bat. Denboraldiko lehen Grand Slam-a izateak horretan lagundu dezake, noski, eta baita tenislariek jasan behar izaten dituzten muturreko baldintzek ere. Orain dela hiru urte, Marcos Baghdatis zipretarra finalean sartu zen ustekabean, eta iaz Jo-Wilfred Tsonga frantsesa izan zen lorpen hori errepikatu zuena. Aurten, Fernando Verdasco espainiarra (Madrid, 1983) bilakatu da lehiaketako protagonista.

Rafa Nadal min hartuta zegoela, bera bilakatu zen Espainiak iazko azaroan irabazi zuen Davis Kopako heroia. Eta hori gutxi balitz, Australiako Irekiko finalerdietan sartzea lortu berri du final-laurdenetan Tsonga indartsua menderatu ondoren: 7-6 (2), 3-6, 6-3 eta 6-2. Kontuan hartzeko garaipena, Andy Murray hautagai nagusia kanporatu ondoren iritsi delako eta munduko hamar onenen artean sartzeko balioko diolako madrildarrari.

Agassiren bidetik

Nahiz eta iazko uztailean ere rankingeko 11. posturaino igotzea lortu zuen, Verdascoren hobekuntza ulertzeko aurtengo negu hasieran jarri behar da begirada. Izan ere, orduan ezagutu zuen tenislari espainiarrak Gil Reyes, jatorri mexikarreko prestatzaile fisiko estatubatuarra. Reyes izan zen Andre Agassi handiaren itzulera ahalbidetu zuena eta, orduz geroztik, tenisean sekulako ospea izan du.

Reyesek Las Vegasen duen gimnasioan jo eta ke lanean aritu da Verdasco aurtengo neguan, eta egindako lan hori gogotik nabarmentzen ari da bere jokoan. Tsongaren aurkako partidan ere, espainiarrak lan bikaina egin zuen sakearekin, bederatzi tanto zuzenean eginda eta kontran jarri zitzaizkion 15 jokoetatik bi bakarrik galduta.

Nadalen aurka ere bai?

Baina aurreko bi norgehiagokak samurrak izan ez badira, zer esan finalerdiei buruz. Verdascok Rafa Nadalen aurka neurtu beharko ditu indarrak Melbournen. Izan ere, rankingeko liderrak sendo jarraitzen du Australiako Irekia lehen aldiz irabazteko bere bidean eta hiru setetan kanporatu zuen Gilles Simon frantsesa: 6-2, 7-5 eta 7-5.

Dagoeneko, zaleak hasi dira finalean urteko lehen Nadal-Federer lehia ikusteko aukerarekin ametsetan, baina kontuz ibili beharko dute, esan bezala, Australiako finaletan ezustekoak ohikoak izaten direlako. Verdasco eta Roddick ez daude edonola amore emateko prest.

Emakumezkoetan, bestetik, faboritoek ez zuten hutsik egin eta bigarren finalerdia ere erabakita dago: Elena Dementieva eta Serena Williams, nor baino nor. Beijingeko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen errusiarrak bi setetan hartu zuen mendean Carla Suarez espainiarra, lehiaketako beste ustekabe nagusia: 6-2 eta 6-2. Williams ahizpetan gazteenak, bestetik, errusiarren erabateko nagusitasuna eragotzi zuen Svetlana Kuznetsova kaleratuta: 5-7, 7-5 eta 6-1. Emakumezkoen bi finalerdiak eta gizonezkoen aurrenekoa (Roddick-Federer) gaurko jardunaldian bertan jokatuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo