GARA > Idatzia > > Kultura

Nafarroako Bertsolari Txapelketa «bidean», larunbatetik aurrera

«Bidean» lelopean, Auritzen jokatuko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa. Guztira zortzi saio izango dira eta bertsolari guztiak, Julen Zelaieta iazko txapelduna izan ezik, lehenengo fasetik arituko dira Elizondoko finalerako txartel bila.

p050_f01_148x100.jpg

Ane ARRUTI | IRUÑEA

25 bertsolari, nor baino nor. Larunbat honetan abiatuko da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Berrikuntza dezenterekin dator, gainera, 38. edizioa. Izan ere, bertsolariek eurek eskatuta, Julen Zelaieta iazko txapelduna izan ezik, gainerako guztiek lehen fasetik sartu beharko dute lehian. Honek esan nahi du, kanporaketetan, lehen mailako bertsolariak eta oraintxe hasi berri direnak elkarren ondoan arituko direla. Ondorioz, lau kanporaketaz -pasa den urtean baino bi gehiago-, hiru finalaurrekoz eta Elizondoko Lur dantzalekuan jokatuko den finalaz osatuta egongo da aurtengo edizioa.

Auritzen izango da lehenengo kanporaketa. Jon Barberena, Jon Elizetxe, Bittor Elizagoien, Aimar Karrika, Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza izango dira aurrez aurre. Alkaizak bere lehenengo txapelketa izango du; Elizagoien baztandarrak, aldiz, aurtengoarekin 30.a beteko du hutsik egin gabe. Aurreko edizioetan parte-hartzeari utzi ziotenik ere izango da, hala nola Xabier Silveira eta Iñigo Ibarra; horiek ere berriro izango baitira lehian. Igantzin, Betelun eta Tafallan izango dira beste hiru kanporaketak. Lehenengo finalaurrekoa Goizuetan jokatuko da otsailaren 21ean eta bertan batuko da Txapelketara Julen Zelaieta. Altsasun eta Antsoainen izango dira beste bi finalaurrekoak eta martxoaren 21ean, Elizondoko Lur dantzalekuan zortzi bertsolari arituko dira. Azpimarratzekoa da, gainera, zortzi horietatik lehenengo lauk urrian hasiko den Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako txartela lortuko dutela. Beraz, finaleko puntuaketek bere biziko garrantzia izango dute.

«Bidean» izan da aurtengo ediziorako aukeratutako leloa. Nafarroan bertsolaritza etenik gabe egiten ari den ibilbidea azpimarratu nahi izan dute Bertsozale elkartean. «Bide horretan, tarteka, aurretik izan direnen seinale batzuk agertzen dira, bide-markak, bidarriak; aurrekoek zabaldutako xenda horretatik egiten du bere bidea Nafarroako bertsolaritzak, bidea zabalduz, eta aldi berean etorriko direnentzako bide-marka berriak utziz». Nafarroako Txapelketak bertako bertsolariak motibatu eta ezagutzera ematea du helburuetako bat. «Txapelketak haientzat erakusleiho izan behar du». Ikastetxe publikoetan 1.100 ikaslek jasotzen dituzte bertsolaritza klaseak eskola ordutegian, Nafarroako Gobernuarekin eta zenbait udalekin lortutako akordioak direla-eta. Horren isla txapelketan ikusiko da, bertsolari gehienak 25 urtetik beherakoak baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo