Ikurrinaren aldeko zita antolatu du Bai Euskal Herriari ekimenak Bergaran
GARA |
Larunbatean, Bergarako kaleek ikurrinaren aldeko manifestazio bati harrera egingo diote. Eguerdiko hamabi eta erdietan abiatuko da Bai Euskal Herriari herri ekimenak antolatutako mobilizazioa, eta eskualdeko alkateek protagonismo berezia izango dute bertan, haiek irekiko baitute mobilizazioa ikurrin erraldoi bat eramanez.
Herriko plazatik abiatu eta udaletxerainoko bidea egingo dute herritarrek ikurrinaren alde. Eta bertan izango da amaierako ekitaldia.
Antzuolako alkatea, Aramaiokoa, Aretxabaletakoa, Arrasatekoa, Elgetakoa, Eskoriatzakoa, Gatzagakoa eta Bergarakoa izango dira parte hartuko duten alkateak; ezker abertzalekoak eta Aralar alderdikoak dira, Gatzagakoa izan ezik, hori independientea baita. Mobilizazioa amaitzeko, manifestazioan eramango duten ikurrina udaletxeko balkoian jarriko dute.
Manifestazioa Bai Euskal Herriari herri ekimenak antolatu duen arren, atxikimendu ugari jaso ditu azken asteetan. Horien artean, Aralar, EA edota ezker abertzalearena; LAB, EHNE eta ESK sindikatuena; eta baita hainbat elkarte eta mugimenduena ere: AEK, Bergarako Kirol Elkartea, Lokatza Txirrindulari Elkartea, AHT Gelditu! Elkarlana, EHBE, Etxerat, Askatasuna, Komite Internazionalistak, Zutik, Segi eta IA.
Alta, larunbateko manifestazioa ez da ikurrinaren alde Debagoienan gauzatzen ari den ekimen bakarra. Astelehenean abiatu eta larunbata bitarte, Bergarako kultur etxean «Euskal Herria izena eta izana» goiburupean herri ekimenak abian duen erakusketa ibiltaria izango da ikusgai.
Larunbatean ere, manifestazioarekin batera, «Geurea ikurrina» leloa duen adierazpenarekin bat egiteko aukera egongo da goiz osoan zehar.
Herritarrei eginiko deia
Bai Euskal Herriari ekimenak euskal jendarteari manifestazioan parte hartzeko deia egin dio, eta komunikabideei igorritako oharrean gogoan izan du 1975ko uztailaren 21ean Bergaran gertaturikoa.
Egun hartan, foruak bertan behera geratu zireneko 100. urteurrena modu berezi batean bizi izan zen, bertan Euskal Herri osoko 67 alkatek eta ehunka hautetsik Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzearekin batera ikurrinaren ofizialtasuna galdegin zuten.
Herri ekimenak, 33 urte igaro direnean, «oraindik ere gure etorkizunaren jabe ez izatea» kritikatu du, eta bandera espainolaren inposizioarekin «amaiera gabeko maldan atzera goazela» irizten du. Horren aurrean, euskal erakundeetan ikurrinak egon behar duela defendatu du Bai Euskal Herriari ekimenak.