ERREMONTEA 2009ko denboraldia
Hamar txapelketa berriro ere, zaleen mesederako
Iragan urtean gertatu zen bezala, aurtengo denboraldiak hamar lehiaketa entretenigarri eta estu edukiko ditu zirkuituan. Era honetan, bi final besterik jokatzen ez ziren garaiak atzean geratu dira.
GARA | DONOSTIA
Iazko denboraldia alde batera utzi eta hemen da dagoeneko inoiz baino entretenigarria izan nahi duen 2009koa. Atzean geratu dira soilik Banakako eta Binakako Txapelketa entretenigarri horiek jokatzen zireneko garaiak eta orain, azken urteetan gertatu den bezala, beste lehiaketa-mota batzuei ere emango zaie garrantzia.
Gauzak horrela, 2009ko denboraldiak hamar txapelketa dakartza, deskantsurako tarterik utzi gabe. Izan ere, lehiaketek jarraitzaileak erakartzen dituzte, kirolarien ibilbideei jarraipena egiten eta emaitzak parekatzen laguntzen die, itxaropenak sortzen ditu... Era laburrago batean esateko, atseden faltak kirol baten jarraipena sortzen du.
Urte hauetan zehar protagonismoa izan duten Euskal Jaik eta Galarretak, eskukoa emango diete beste pilotaleku batzuei, 12 hilabeteetan zehar beste zortzi torneo jokatuz.
Orain arte esandakoa arrazoitzeko 2008ra joan beharra dago. Iragan urtean hamar txapelketa jokatu zituzten erremontistek eta denboraldi honetan ere hala izango da. Gainera, nahiz eta hasierako proiektu bat besterik ez izan, berritasun nabarmena egon liteke: Gipuzkoako pilotaleku motzetan jokatutako txapelketa.
Era labur batean aipatuz, eta Binakako eta Banakako Txapelketak alde batera utziz, hauek dira erremontistek denboraldian zehar jokatu beharko dituzten lehiaketak:
Banakako Masterra
Iragan urteko urtarrilean ipini zen martxan esperimentu hau. Bertan, pilotaleku luzeko pilotari bat eta motzeko beste baten arteko lehia ikus daiteke. Zeberio II.a Lizasoren aurrean gailendu zen (35-29).
Pacharan Baines Masterra
Uterga eta Lizaso izan ziren txapelketa honetako irabazleak martxoan eta apirilean. Pilotaleku luze eta motzeko zortzi bikotek parte hartu zuten.
Thermotechnic Torneoa
Denboraldiko originalena da ekainean jokatzen den hau. Atzelariek eta aurrelariek bikote berean jokatzen dute. Bigarren edizioko irabazleak Urrutia eta Lizaso izan ziren.
Sanfermin Torneoa
Abuztuaren 6tik 14ra bitartean Euskal Jai Berri pilotalekuak sanferminetako feriari harrera egiten dio. Iragan urteko bikote irabazlea Zeberio II.a-San Miguel izan zen.
Azpeitiko Torneoa
Izarraitz pilotalekuak protagonismoa hartzen du abuztuan. Azken txapeldunak Zalakain eta Agirrezabala dira, 30-40 irabazi baitzuten Zulaika eta Badiolaren aurka.
Foru Erkidego Torneoa
Lurralde honetako pilotaleku ezberdinetan jokatzen den lehiaketa da. 2008an, hirugarren edizioan, 13 herri bisitatu zituzten pilotariek, eta Uterga-Urrutia bikoteak irabazi zuen finaleko norgehiagoka.
Promozio Txapelketa
Lehenengo eta laugarren partidetako pilotariek euren artean lehiatzeko helburuarekin sortu zen lehiaketa hau. Hamar bikoteen gainetik gailendu ziren Bereziartua eta Zubizarreta azaroaren 23an, Zulaika eta Urkoren aurka 40-27 irabazi ostean.
Martiko-Gabonak Torneoa
Urtearen amaierarekin, Gabonek pilotaleku motzean banakako txapelketa erreserbatzen diete jarraitzaileei. Laugarren edizioan Zeberio II.ak irabazi zuen Urrutiaren aurka (34-35).