Ospakizun ekitaldia Durangoko Landako Gunean
Zuekin ospatuko dugu, bihar, GARAren 10. urteurrena
GARAk hamar urte beteko ditu bihar, eta ikus-entzunezko ekitaldi batekin ospatu nahi dugu urteurren borobila. Ekitaldia Durangoko Landako Gunean egingo dugu, arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera. Ospakizun irekia izango da; hamar urteotan gurekin egon zareten guztiokin ospatu nahi duguna, zuei esker, zuekin eta zuengatik egiten baitugu, finean, egunkaria.
GARA | DONOSTIA
Ospakizun ekitaldiak, propio, urtarrilaren 17an hasi genituen Donostian, Kursaalen Arnaldo Otegiri jendaurrean eta nazioarteko kazetarien parte-hartzearekin egin genion elkarrizketaren bidez. Hasiera arrakastatsua eman genion urteurren ospakizunei eta, beste helburu batekin, bide horretatik jarraitu nahi dugu. Biharko ekitaldian GARAren sorrera eta ibilbidea nabarmenduko ditugu, baina, batez ere, tartetxo bat hartu nahi dugu zuekin, irakurleekin eta gurekin era batera edo bestera zaudeten guztiokin hitz egiteko eta egoteko.
Hasieran aipatu bezala, ikus-entzunezko ospakizun ekitaldia izango da, trinkoa, eta arina era berean. Zuzeneko konexioekin batera, bertan izango dira Mertxe Aizpurua eta Josu Juaristi. Lehenengo zuzendariarekin eta bost urtera erreleboa hartu zion gaurko zuzendariarekin egunkariak hamar urteotan jorratutako ibilbidea eta faseak edo etapak aipatu eta gogora ekarriko ditugu.
GARAk, izan ere, gauza asko egin ditu sortu zenetik; GARAk edo, hobeto esanda, EKHEk, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak, horrek sortu baitzituen egunkaria eta gainerako proiektuak. Eta proiektuak asko izan dira, eta asko izango dira etorriko direnak, etengabe ari gara-eta irakurleei eskaintzen dieguna hobetu nahian. Internet, gehigarriak, ikus-entzunezko lanak, dokumentu bereziak, liburuak, dosierrak, kazetaritza.
Aldaketa garaia
Hamar urteotan, denok dakigunez, denetik izan da herri honetan, eta GARAn ere, beraz, denetik jaso izan dugu, errealitatea kontatzeko eta Euskal Herriari mila leiho zabaltzeko mundura.
Hamar urteotan eman ditugun albiste nagusiekin egindako lehen orrialdeak erakutsiko ditugu, ikusi dugunaren eta kontatu dugunaren ispilu edo isla direlako.
Eta aipatuko dizuegu, gainera, aldaketa garaiak bizi ditugula, krisi ekonomiko orokorrari gaineratu behar baitzaio prentsa idatziak, aspalditik, bizi duen krisi propioa. Mundu eta errealitate horretan mugitzen dira, gaur egun, egunkariak, garai ilunetan. Baina, era berean, apustuak eta proiektu berriak eta berritzaileak egiteko garaiak dira, eta horretan ari da, buru-belarri, GARA.
Kazetaritzaren balorea errebindikatzen du GARAk, batez ere egiazko informazioa jasotzeko eta emateko horrenbeste zailtasun eta oztopo dauden garai honetan. Erreferentzialtasunean eta sinesgarritasunean oinarritzen dira, beste ezaugarri batzuen artean, balore horiek, zuekin guztiekin jorratu eta sendotu nahi ditugun baloreak.
Ekitaldia irekia izango da, esan bezala. Gure egunkarian irakurri ahal izango zenuten bezala... etorri eta ospatu gurekin! Konbentzituta baikaude, izan ere, guztiok egiten dugula GARA.