GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Uholde arriskua desagertzear, gogoeta hasteke

Hego Euskal Herrian mendietako elurra urtzeak eragindako uholde arriskua desagertu ez bazen ere, atzo gutxitu egin zenez, Nafarroan baino ez zioten larrialdi planari eutsi, Ebroren ur maila dela-eta. Oro har, beraz, badirudi arriskua gero eta txikiagoa dela. Oraingoz. Izan ere, azken egunotan haizeak eta euri jasek eragindako kalteak anekdota hutsean gelditzeko bidean dira, administrazioen hausnarketa gai izan beharrean. Herritar guztien hausnarketa beharko lukeena. Izandako egoeraren eta kalteen errudunak haizea eta euria izan dira, antza, eta horien kontra ez dago ezer egiterik. Zenbait azpiegituratako obrek lurra mugitzeak, esate baterako, zerikusirik izango ez balute bezala. Antza denez, ez dago dirurik zentzuzko edo arrazoizko plan hidrologikoak egiteko, ura xahutzea saihesteko eta aldi berean, natura ustez mendean hartu beharrean, arrisku egoerei aurrea hartzeko. Etengabe urbanizatzeko planak egiteko, ordea, ez da dirurik falta. Eta gero eta nabariagoa da naturarekin bateraezina den bizimodua kolokan jarri behar dela, zementuan oinarritutako «garapen iraunkorra» nekez izan daiteke-eta garapena, eta are gutxiago iraunkorra. Sustoa igarota, baina kalteak hor direla, ez dirudi Hego Euskal Herriko administrazioetako arduradunek, politikariek oro har, egunotako esperientziak ikasteko balio izan duela esateko asmoa dutenik. Ez dirudi ezer ikasi dutenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo