Gaztetxeen aldeko eta AHTren aurkako borrokarekin uztartuko dute jaia Durangaldean
GARA |
«Partida ez da bukatu! Gaztetxeak defendatuz, AHT gelditu» lelopean kanpaina berria martxan dute Durangaldeko Gaztetxe eta Gazte Asanbladek. Otsailean hasi eta uda bitartean hainbat ekitaldi egingo dituzte, tartean otsailaren 7an Abadiñon abiatuko den Rock kontzertuen Gaztetxe Bira.
«Gaztetxeen defentsan eta AHTren aurka» azken urteotan ekitaldi jendetsuak antolatu dituztela-eta, martxoaren 28an Elorrion egingo duten jaialdiaren hirugarren edizioa izango da kanpaina horretako ekitaldi nagusia. Beren hitzetan, azken «urte biribilak» ospatzea da Durangaldeko gazteen asmoa.
Izan ere, duela 10 urte eskualdeko lau herritako gazteek biltzeko leku bat beharrezko zutela iritzita, herrian hutsik zeuden etxeak okupatu eta gaztetxe bilakatu zituzten. Abadiñon «Galindezen morroien etxe» deitu- rikora sartu ziren, Atxondon, tren geltoki zaharrera, Berrizen, hiltegia zegoen eraikina, eta Durangon hutsik zegoen etxebizitza bloke bat hartu zuten.
Elorrion, berriz, orain dela hogei urte bereganatu zuten gaur egun oraindik gaztetxe izaten jarraitzen duen eraikina. Zaldibarren eta Otxandion, bestetik, «urteetan zehar borrokan aritu ondoren» erdietsi zuten gaztetxea izatea.
Bestalde, orain urte batzuk «Abiadura Handiko Trenaren aurka borrokatzeko konpromisoa» hartu zuten eta «proiektu txikitzaile hori aurrera egiten ari dela ikusten ari gara», adierazi zuten. «Hori guztia, ordea, ez da horrela bukatuko. Jakin dezatela domino fitxak jokatzeko prest gaudela oraindik gaztetxeen aldeko lanean eta AHTren kontrako borrokan», berretsi dute.
Mendi martxa Sakanan
Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanak mendi martxa antolatu du etzi Sakanan, egitasmoak eragin dezakeen kal- teaz ohartarazteko.
Ekimena Etxarri-Aranaztik abiatuko da 9.30etan. Lizarrustin egin beharko liratekeen tunelaren gunea ikusiko dute, bai eta Lakuntzan hondatu nahi duten hariztia ere. Uharte Arakilen eta Arruazun gerta daitekeena ere aztertuko dute. Azken hau nabarmendu dute, trenbidea abeltzainen etxetik oso gertu pasako zelako eta herritik San Pedro Baseliza bananduta geldituko zelako.