GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Garzonen itzalpean, Segiren aurkako teoria berritu du Grande-Marlaskak

Fernando Grande-Marlaska epaile espainolaren aginduz 2007az geroztik atxilotuak eta espetxeratuak izan diren ehundik gora euskal gazteren aurkako prozesatze autoak kaleratzen hasi da orain Auzitegi Nazionala. Atzo, Oarsoaldeko gazteen aurkakoa eman zuen, orain bi hilabete Donostialdekoekin egin bezala. Bi prozesutan banandu ditu; batetik, Segiko kide izatea, eta, bestetik, kale borrokan aritu izana.

p012_f01_82938.jpg

GARA |

Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo hogeita bi gazteren aurkako prozesatze autoa kaleratu zuen atzo Fernando Grande-Marlaska epaile espainolak. Guztiei, «erakunde terroristako kide» izatea egozten die Auzitegi Nazionalak, Segi gazte erakundeko kideak direlakoan. Horietako hogei, iazko martxoan eta uztailean atxilotu zituen Polizia espainolak kale borrokarekin zerikusia zutelakoan; beste bi, ordea, «errebeldian» auzipetu ditu.

Baltasar Garzon epaile espainolak 2001ean Haika gazte erakundearen aurka ekinez hasi zuen auzibideak, 2007ko urtarrilean bete zuen jomuga. Orduan, Auzitegi Goren espainolak «Jarrai-Haika-Segi erakunde terrorista» gisa sailkatu zituen legedi espainolaren ondorioetarako. Epai horren itzalpean, Fernando Grande-Marlaskak ehundik gora euskal gazte atxilotarazi eta espetxeratu ditu harrezkero. Hilabete hauetan, gazte horiek auzipetzen hasi dira. Eta hor ere, Donostialdeko gazteekin ikusi den bezala, berrikuntzak gehitu dizkio Marlaskak.

Lehenik eta behin, nahi ala ez, Gorenaren epaiak hala ezartzen duelako, Segiren aurka ekiteko, halabeharrez kale borrokarekin lotu ditu. Eta hala egin du Grande-Marlaskak. Prozesatzerakoan, ordea, bi prozeduretan banandu ditu: batetik, Segiko kide izatea, eta, bestetik, kale borrokako ekintzetan aritzea.

«Kale borrokaren monopolioa»

Hala, atzokoan, Segiko kide izatea egotzi die gazte hauei.

Grande-Marlaskaren begietara, atzo kaleratu zuen autoan jasotzen den bezala, nahikoa da Segi gazte erakundeko bonoren bat edo kamisetaren bat izatea, berau Segiko kidea dela ondorioztatzeko. Eta Goren espainolaren aurrekariaren arabera, horrek, gutxienez, sei urteko espetxe zigorra esan nahi du.

Baltasar Garzon epaileak «Y taldeen» teoria gorpuztu zuen -horrela, «Jarrai-Haika-Segi» gazte erakundeek ETA erakunde armatuaren estrategia kale borrokaren bidez osatzen dutela ondorioztatuz-, eta Grande-Marlaska, oraingoan, teoria horren itzalari jarraituz, nolabaiteko eguneraketa egiten aritu da.

Epaile espainolaren arabera, «Segik kale borroka monopolizatzen du», eta «Segi gidatzen duenak gidatzen, antolatzen, programatzen, erabakitzen eta egiten du kale borroka». Hala, kale borrokaren fenomenoak bilakabide bat izan duela azaltzen du Grande-Marlaskak, baina berau ilegalizazioen ondorio zuzen gisa azalduz.

ETA erakundearen su-etenean kale-borroka ekintzak areagotu zirela dio epaileak, tregua garai hau 1998koarekin alderatuz, eta bietan gauza bera gertatzen dela ondorioztatuz. Horrek, epailearen ustez, estrategia konkretu batean bakarrik du tokia. Adibide gisa, Iñaki de Juanaren gose greba garaietan jazotako ekintzak azaltzen ditu. Gainera, azken su-etenean «inkontrolaturik» ez dela egon dio, horrek Segiren «kontrol indartsua» erakusten duela ondorioztatuz.

Kriminalizatzeko bide berriak

Oharkabean bada ere, Segi gazte erakunde «nazionala» dela dio Auzitegi Nazionalak, Euskal Herriari buruz hitz eginez.

Baina Segi gazte erakundeaz gain, bestelako taldeak ere euren jo-puntuan ezartzen ditu Grande-Marlaskak. Hala, Gazte Asanbladak, AHTaren aurkako plataformak, Kamaradak taldea eta Gazte Topagunea ekimen erraldoia kriminalizatze bidean kokatzen ditu, horiek guztiak Segiren «lau fronte» direlakoan.

Gazte Topaguneari dagokionez, esaterako, «itxuraz» kontzertuak dituen aisialdirako ekimena dela dio, baina «benetan Segiren Urteko Kontseilua» dela defendatzen du epaileak; antzeko argudioa erabiltzen du gazte asanbladen aurka. Oarsoaldeko hogeita bi gazteei, iaz Lezon ospatu zen Gazte Topagunea antolatzen aritzea leporatzen die.

Egotzitako kale-borroka ekintzak, aldiz, beste prozedura batean

Auzitegi Gorenaren epaia probestuz, Grande-Marlaska epaileak prozedura desberdinak egin ditu auzibide berean. Batetik, Segiko kidea izateagatik «talde terroristako kide izatea» leporatzea; eta, bestetik, «kale-borroka» ekintzak.

Auzitegi Nazional espainolak atzo kaleratu zuen autoan ondoko hogeita bi gazte prozesatu ditu: Alex Etxeberria, Jon Mikel Otxoa, Haizea Iriarte, Xabier Lujanbio, Harkaitz Antza, Gorka Etxeberria, Aitor Alberdi, Aitor Franco, Beñat Burlada, Iosu Arruabarrena, Iker Iraola, Gaizka Ibeas, Oihana Mujika, Alain Luna, Hodeiertz Urain, Maitane Linazasoro, Egoitz Urbe, Oinatz Arbelaitz, Imanol Sagarzazu, Iker Zabala, Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Goienetxea.

Gogora ekarri behar da kasik hogeita biak Polizia espainolak atxilotu zituela. Horietako dozena bat baino gehiago hiru edota bost egunez inkomunikatuta eduki zituzten; eta horren ostean, tortura bortitzak pairatu zituztela salatu zuten. Hala, atxilotze egun horietan polizien aurrean esandakoak probestu ditu orain epaile espainolak, eurak hainbat kale borroka ekintzekin lotzeko. Atzo kaleratu zuen autoan horietako hainbat ekintza aipatzen zituen, guztiak adierazpen polizialetan oinarrituak, baina ez ditu zehazten, ekintza horiek beste auzibide batean aztertuko direla argudiatuz.

Tortura salaketa horiez guztiez gain, gogora ekarri behar da Errenteriako gazte batek ebakuntza kirurgikoaren beharra izan zuela, ziegetan bere buruaz beste egiten saiatu zelako. Gainera, auzibide hauetan, Grande-Marlaskak ukatu egin du atxilotuak izan ez diren gazteak bere kabuz Auzitegi Nazionalean aurkeztea. GARA

Finantziazioa

Grande-Marlaskaren esanetan, Segi gazte erakundearen finantzaketa «kamiseten salmentaren bidez, bonoekin, afariekin, txosnekin eta itsulapikoen bitartez osatzen da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo