GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Eskola Kristauen Anaiek Mauleko Agerria eremua utziko dute uztailean

Agerria eremuak 6.000 metro karratuko azalera eta ehun hektarea lur biltzen ditu. 1895az geroztik Eskola Kristauen esku dago, eta, bertan bederatzi fraide baizik geratzen ez direnez, sei hilabete barru salgai jartzekotan dira. Mauleko Herriko Etxeak eremua erosteko asmoa duela iragarri du, eta, horretarako herritarren parte hartzea beharrezko dutela nabarmendu du. Azken hiru urtean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, egoitza utzi duen bigarren kongregazioa da.

p014_f01.jpg

Ainize BUTRON | MAULE

Maulera hurbildu orduko ez da berehala topo egiten Agerria deituriko gunearekin. 1895ean eraikia, 6.000 metro karratuko azalera eta ehun hektarea lur biltzen ditu, alta, guneak. Mauleko mendixka batean kokatua, bertatik Maule hiri guztia ikus daiteke. Gunea hain zabala izanik, Maulen eta Zuberoa osoan aski ezaguna da lekua.

«A, bai, Agerria! Behin baino gehiagotan egon naiz bertan ezkontza batean», aipatu zuen Zuberotar batek gune horri buruz galde egindakoan. «Bertatik Maule osoa ikus daiteke», jarraitu zuen esaten, bertatik ageri den paisaia ezin ederragoa dela nabarmenduz.

Eskola Kristauen Anaien kongregazioaren esku egon da, izan ere, etxea eraiki zenetik. Kongregazioak bere barne beharretarako baliatu du gune erraldoi hori sortu zenetik. Fraideei formakuntza emateko gune bat eta adindutako fraideentzako zahar-etxea kokatu zuten bertan.

«70eko hamarkada arte lekuak fraide asko jaso ditu, baina, bokazioak atzerakada izan duela-eta, gutxika kopuruak behera egin du. Garai onenetan ehun eta hogeita hamar fraide elkartu dira Agerrian», argitu zuen Robert Blanchard Mauleko fraide kongregazioko arduradunak.

Mauleko apez baten eskaera

Fraideak formatzeko eskaera jaitsi den heinean, Agerrian beste mota askotariko jarduerei egin zaie tokia. Horrela, luzaroan, laborarientzako formakuntza gune izan da. Gaur egun, esate baterako, Tai chi chuan gisako aisialdi jarduerak egiten dira bertan. Zuberotar guztiek, hurbiletik edo urrunetik ezagutzen badute ere, Maule hiria eta Agerriaren arteko lotura historikoak mugatuak dira.

«Agerria» hitzak adierazten duen bezala, fraide etxea sortu zen garaian egileen xedea ikusiak izatea zen. Baina, mendixkan bilduak, etxearen handitasunaren itzalean, isiltasunean bizi izan dira mendez-mende fraideak.

Mauleko apez batek Maulen fraide kongregazio bat sortu nahi zuen. Proposamena hainbat kongregaziori egin zien, horien artean, beneditarrei, baina, azken horiek Belloc-en kokatu berri ziren, beraz, ezezkoa eman zuten.

Eskola Kristauen Anaien kongregazioak, aldiz, baiezkoa eman zion bertan kokatzeari. Gaur egun, etxea saltzeko asmotan dabil fraide komunitatea. Urteak aurrera joan eta Agerria fraideen zahar-etxe soila da egun. Eta, bertan dauden azken bederatzi fraideen batez besteko adina 80 urtekoa da.

Robert Blanchardek berak Agerrian egin zuen fraide izateko formakuntza. Hamabi urte zituen garaian, eta jada 78 urte beteak ditu.

Mauleko zahar-etxeak ateak itxi orduko non kokatuko dituzten galdetuta, fraideak horren erantzun zehatzik ez duela azaldu zuen. «Mota bereko beste hamar zahar-etxe ditu gure ordenak Estatu frantses osoan», nabarmendu zuen Blanchardek, eta horietariko batean finkatzekotan zeudela gaineratu zuen.

Fraideak beren ordenari buruzko datu gehiago ere eman zituen: «Orotara Estatu frantsesean Eskola Kristauen Anaiek zazpiehun fraide dituzte, eta munduan zehar sei mila gaude», gaineratu zuen. Munduko leku askotan oraindik ere osasuntsu jarraitzen dute.

«Guiana herrian, adibidez, hezkuntza gune bat eraikitzekotan gara. Eta, munduko laurogeita zortzi herritan ditugu ordezkariak», esan zuen. Hego Euskal Herrian ere badute kongregaziorik, Irunen, Donostian eta Bilbon, hain zuzen ere.

Frantziskotarrak lehenik

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa utziko duen bigarren kongregazioa da Eskola Kristauen Anaiena.

Duela bi urte, izan ere, Donapaleuko frantziskotarren etxeak ere ateak itxi behar izan zituen, bi fraide baizik ez baitziren geratzen bertan.

Gaur egun, etxea Donapaleuko Herriko Etxearen esku dago, eta, gunearen jarduera nagusietariko bat bertatik igarotzen diren erromesei harrera eskaintzea da. Sei hilabete barru, beraz, Agerriako egoitza utzia izango dute bertako fraide guztiek. Eta, Mauleko Herriko Etxeak, jadanik jakinarazi du Agerria mauletarren esku geratuko dela. Fraideak bertatik joatekotan zirela aspaldidanik jakina zen, eta, zurrumurruak baizik ez ziren horiek uztailean egia bihurtuko dira.

Gabonetan eman zuen aditzera Mixel Etxebeste auzapezak kongregazioaren inguruko berria. «Ez nuke etxe hori elkarte pribatu baten esku ikusi nahi. Fraide etxe horrek badu historia bat Maulerentzat», azpimarratu zuen.

Horrela, merkatuaren espekulazioan sartu aurretik erosteko asmoa dauka Herriko Etxeak. Beste alde batetik, 6000 metro karratuko azalera eta ehun hektarea lur erosi ahal izateko Herriko Etxeak aurrekontu mugatua duela nabarmendu zuen Etxebestek. Beraz, erosketa partzuergo pribatu batekin batera egitea erabaki du.

«Mauleko norbanakoei ere erosteko aukera emanen diegu. Dagoeneko juridikoki hori guztia nola egin dezakegun ikertzen ari gara. Gure xedea lur eremuen erdia Herriko Etxearen esku izatea baita», zehaztu zuen. Ekonomia mistoko sozietate sortzeko aukera zutela argitu zuen azkenik Etxebestek.

Gertakariak

14-18 lehen munduko gerlaren garaian Mauleko fraideen zaharretxea erietxe militarra bilakatu zen. Bigarren Munduko gerlan, berriz, bertako zenbait fraide erresistentzian sartu ziren. Historian zehar Agerria ez da sekulan okupatua izan.

Lyon

Agerria, Eskola Kristauen Anaiek Lyonen daukaten La Salle Fundazioaren esku dago. Fundazioak Estatu frantsesean beste hainbat ondasun kudeatzen ditu. Oraindik ez dute Agerriaren salmentarako finkatuko duten prezioaren berri eman.

Salmenta Zaila

Lyoneko Fundazioko idazkari nagusiak prezioa guztiz finkatua ez dutela esateaz gain, horrelako leku bat saltzea zaila izango dela argitu zuen. «Oso etxe handia da, eta, egoera onean izan arren, egokitzeko hainbat lan egin beharko dira», argitu zuen.

Kongregazioa

Eskola Kristauen Anaien kongregazioak hezkuntza arloa du lan eremu. Horien zeregina behartsuei hezkuntza eskaintzea da. Munduko 88 herritan dituzte ordezkariak.

Zuberoako hiriburua garatu eta zabaldu ahal izateko erosi nahi den lur eremua

Agerria erosteko hautua, lotura historikotik at, arrazoi nagusi batengatik egin du Mauleko Herriko Etxeak, alegia, Maule hiri bezala zabaldu ahal izateko eremu bat eskaintzea. Hala esan zuen bederen herriko auzapezak: «Maule ibar batean kokatua dago, eta oso lur eremu txikia du. Ez da egunero izaten lurrak eskuratzeko horrelako aukerarik».

Gaur egun, Agerria guneak biltzen dituen ehun hektareako lur eremuak bertako laborariek baliatzen dituzte. Eta, Mixel Etxebeste auzapezak, erosi orduko ere, horien esku jarraitzea nahi zuela baieztatu zuen. Eraikinak biltzen dituen 6.000 metro karratuko azalerari dagokionez, oraindik zehazteko dago zein motako egitasmoa bideratuko duten bertan. Alde horretatik, zenbait ideia bazituztela jakinarazi zuen Etxebestek berak.

Horien artean, osasun zerbitzu bat jartzea, edo hegoaldetik datozen eskoletako haurrentzako harrera gune bat sortzea. «Harreman handia dago Hego Euskal Herriko ikastetxeekin, beraz, alde horretatik, egonaldiak egiteko gune bat sortzeko aukera dago», zehaztu zuen. Laborantza iraunkorra sustatzeko gune bat eratzeko aukera nabarmendu zuen Etxebestek.

«Baina, horiek guztiak aztertzeko daude oraindik. Ez dugu deus zehaztua. Momentuko, juridikoki zer motako sozietatearen bidez eros dezakegun aztertzea da gure xedea eta horretan ari gara», esan zuen.

Mauleko Herriko Etxeak ez du Agerriaren tamainako eremu bat erosteko behar beste diru. Egitasmoa gauzatzeko partzuergo pribatuen parte-hartzea behar du. Mauletarrei proiektuaren berri emateko bilkura publikoak eginen dituzte. Era horretan, izan ere, herritarrek Agerrian zein egitasmo bideratu litezkeen azaltzeko aukera izanen dute. Mixel Etxebeste auzapezak argitu zuenez, bilkura horiek martxotik goiti hasiko dituzte.

Orotara, etxea eta lurrak erosteko, Mauleko auzapezak 400.000 eta 500.000 euro artean bildu nahiko lituzke. «Hamar bat lagunek partzuergoan parte hartzeko xedea agertu dute jadanik», argitu zuen azkenik. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo