GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Eliteari, krisia bost axola

Frantses eliteak ez dio gertatzen denari behar zaion neurrian erantzun nahi, aitzina joaten saiatzen da, ea kasualitatez dena konpontzen den. Guadalupen antolatutako greba orokorrari erantzuteko hilabetea joaten utzi du, giroa ustelduko zen esperantzan. Hango gizarteari ez dio neurriko erantzunik eman

Otsailaren 2an, Sarkozy kulturaren promozioaren egitera atera zaigu, kulturaren goraipamena eginez, sorkuntza artistikorako Kontseilu berriaren ospakizunaren karietara. Kulturaren aurrean beti hain uzkur agertu izan den presidenteak krisi honetatik ateratzeko bidea kultura dela aldarrikatu du. Kontseilu horren arduradun nagusia Marin Karmitz ezkertiar ezaguna da. Hori guztia krisiaren ondorioak jasaten dituztenen aurrean eta bere andre Carlaren txaloen pean. Argazkiak merezi du. Guztiz surrealista. Liberaletan liberalenak, ezkerreko ideiak arbuiatzen aritu den politikariak, kulturaren goraipamena egiten, berak bultzatutako Kulturaren Kontseiluaren buru ezkerreko gizona emanez. Iparrorratza galdu zaigula ematen du, mundua itzulipurdika ari dela, alegia. Miseria hedatzen ari den unean, batzuk, elitea, jende xeheaz trufatzen ari dira, inongo mugarik gabe.

Izan ere, ausardia hori guztia erakusten badu ere, Sarkozyk zangoak lurrean ongi jarriak ditu. Telebistatik egin duen agerraldi publikoan, derrigorrez gutxieneko neurriak iragarri behar zituen, sinesgarritasuna gordetzekotan. Aitzinetik, zerga orokorren lehen zatia ez zela Estatutik kobratuko iragarri zen, neurria behintzat aztertzen ari zirela zioten. Telebistara heldu dena ez da ate horretatik joan, heldu dena da profesionalen zerga kenduko duela 2010eko aurrekontuetan. Horrek erran nahi du enpresek, autonomoek ez dutela zergarik ordainduko. Jakinez zerga hau herriko etxeetako kutxetan sartzen dela, alegia herrietako antolaketan sartzen dela, herrien kutxek beharrezkoa dutela tokiko antolaketarako, krisiaren aurrean Estatuaren esku-hartzea baztertzen du. Estatuaren diru sarrerak ez ditu hunkitzen, Estatuak ez du neurri horretaz inondik sufrituko, enpresariei oparia egiten die, eta herriak diru eskasean uzten ditu, Estatua babestua utziz. Elisioko kutxak, adibidez, ederki hornituak atxikiz. Denek badakigu, publikoa izan baita, Elisioko aurrekontuak goratu dituztela, Presidentetzaren bizimoduaren onerako. Napoleonekin parekatzen dute!

Kultura ondasun handiena dela zioen, bere kultura izango da! Gu Parisetik oso urrun gaude, eta ez dugu Sarkozyk berriki kulturarekiko duen interesaren ondoriorik, bereziki Estatuaren esku den Euskararen Erakunde Publikotik. Seaska itotzeko arriskuan dago. Irakasleak behar dira euskarazko irakaskuntzarako, lanpostuen ordaintzeko. Seaskak bere kutxetatik ordaindu behar ditu Estatuak ez baitio aurre egiten benetako beharrari. Lehen mobilizazio ekintza datorren asteazkenerako deitua da, baina krisiaren aitzakiarekin baliteke ezezko borobila etortzea, irakaskuntza eta osasuna ez baitira frantses Estatuko lehentasunak.

Pixkanaka zilora eramaten gaitu Sarkozyk, ez badugu gelditzen, ondoko hileetan orain ikusten dugunaren jarraipena baizik ez da gertatuko. Frantses eliteak ez baitio gertatzen denari behar zaion neurrian erantzun nahi, aitzina joaten saiatzen da, ea kasualitatez dena konpontzen den. Guadalupen antolatutako greba orokorrari erantzuteko hilabetea joaten utzi du, giroa ustelduko zen esperantzan. Hango gizarteari ez dio neurriko erantzunik eman. Ez du oraindik bere burua estuturik ikusten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo